Hamarkadetako nahia eta ezina
Mañeru zona mistoan sartzea eragotzi izanak euskararen aldeko indarrak hamarkadetan zehar aurrerapauso legalak erdiesteko izaten ari diren ezintasuna islatzen du. Euskararen estatus legala euskaltzaletasuna, indiferentzia eta euskarafobiaren arteko indar harremanaren araberakoa da, eta soilik euskaltzaletasuna hegemoniko bilakatzeak sor ditzake zonifikazioarekin amaitzeko kondizioak.

Aurreko otsailaren 2an, Nafarroako Legebiltzarrak Mañeru zona ez-euskaldunetik mistora pasatzeari atea itxi zion PSNren eta Navarra Sumaren kontrako botoekin, bertako udalbatzak aho batez aldaketa eskatu zuen arren. Bi alderdien artean 31 eserleku dituzte Legebiltzarrean, gehiengo nahikoa Lizarraldeko herria zona mistoan sartzea eragozteko. Gertaerak Mañeruri bakarrik eragin badio ere, Nafarroan euskararen estatus legalaren inguruan azken hamarkadetan eman den eta oso bizirik jarraitzen duen pultsua islatzen du: zonifikazioak eta bere jatorrian dagoen euskarafobiak eragindako gatazka.
Euskararen ofizialtasunaren aldeko borrokaren mugarri nagusia Oinarriak plataformaren ekimena izan zen. 2000. urtean, Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea helburu zuten eragile sozial, sindikal eta politikoak bildu zituen. Herri Ekimen Legegile bat proposatzeko behar ziren sinaduren langa erraz gainditu eta 48.246 lortu zituen. Plataformaren ekimenari erantzunez Miguel Sanzek, garaiko Nafarroako presidenteak, zera adierazi zuen: «Euskararen Legea kontrako norabidean berraztertzeko eskatzen diguten 150.000 bozka ditugunok [Oinarriak-en ekimenari] kontra egin ahal diogu». Plataformak mobilizazio handiak antolatu zituen, haietako batean 27.000 pertsona biltzera iritsi zela. Baina, alferrik. Sanzek dekretu murriztaile batekin erreakzionatu zuen.
Euskararen egoera legalaren inguruko dialektika hark gako garrantzitsu bat azaleratu zuen: garai hartan ofizialtasunaren alde zegoen indar soziala era eraginkorrean artikulatuta eta mobilizatuta ere, Nafarroako Gobernuak maila legalean atzerapausoa eman zezakeen (eta eman zuen), ongi zekielako gehiengo handiago baten babesa edota onarpena zuela. Bere posizioa hegemonikoa zela, alegia.
Erabileraren sustapenaren inguruko jarrerak
1991tik bost urtean behin egin diren inkesta soziolinguistiko ezberdinek, besteak beste, nafarrok euskararen erabileraren sustapenaren aurrean ditugun jarrerak neurtu dituzte. Hiru jasotzen dira: sustapenaren aldeko eta kontrako jarrerak eta indiferentzia. Euskararen erabileraren sustapenaren aldeko jarrera 1996tik 2016rako epean ia bost puntu jaitsi zen, %38tik %33,3a izatera pasatuz. Kontrako jarrera, ordea, aipatutako denbora tartean %32tik %39,1era igo zen. Indiferenteen blokea %30etik %27,6ra igaro zen. Kontuan hartu beharra dago zona ez euskaldunean, zona mistoan eta zona euskaldunean joerak oso ezberdinak direla, eta zona ez euskaldunean euskararen erabileraren sustapenarekiko kontrakotasuna nabarmen handiagoa dela. Joera hauen bilakaera funtsezkoa da: euskararen partida politiko eta legala aipatutako hiru posizioen inguruko dialektikan jokatzen da, hegemoniaren inguruko batailan.
1986an Euskararen Foru Legea onartu zenetik, Nafarroa gobernatu duten alderdiek hizkuntz politika murriztaileak aplikatu dituzte euskararen erabileraren sustapenaren kontrakoen babesarekin, indiferenteen onarpenarekin eta alde gaudenon kontrakotasunarekin. «Aldaketaren legegintzaldia» salbuespen bat izan zen. Aldaketaren indarrek, Parlamentuan zuten gehiengoa baliatuta eta zonaz aldatu nahi zuten udalen eskaeretan oinarrituta, Euskararen Foru Legea aldatu zuten. Atetz zona mistotik zona euskaldunera pasatu zen, eta beste 44 herri, zona ez euskaldunetik mistora. Aiegi, ordea, bidean gelditu zen, erreferendumean gehiengoak zona ez euskaldunean gelditzearen alde egin zuelako. Edozein modutan, 2017an emandako aurrerapauso txiki hau 1986tik gaurdaino esparru legalean izandako lorpenik handiena da.
Urrats hura egin ahal izateko kondizio hauek eman ziren: Gobernua alde zegoen, Legebiltzarrean gehiengoa alde zegoen eta hainbat herritako udaletan gehiengoak eragin zituen borondate politikoa eta, kasu batzuetan, giro soziala zegoen. Pauso hura babesten zuen adostasun hegemonikoa, alegia.
Euskarak erakarri behar du
Euskararen eta bere sustapenaren aldeko posizioa hegemoniko bilakatzearen gakoa erakarpenean dago. Euskararekiko aldekotasuna hegemoniko bilakatzea, hots, indiferenteen sektore esanguratsu bat eta, ezinbestean, euskarafobian instalatuta dagoen sektore bat aldekotasunera erakartzea ezinbestekoa da alderdien eta instituzioen posizioak mugiarazteko, udal gehiagok zona aldaketa eska dezaten eta, luzera, zonifikazioa gainditu eta euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin. Bidea oso luzea izango da, baina ba al dago beste biderik?
1986ko azaroaren 4an, Parlamentuan, Jaime Ignacio Del Burgok euskararen ofizialtasuna zona euskaldunera mugatzea babesteko gaur harrigarria izan daitekeen argudioa erabili zuen: «Las áreas vascoparlantes no son zonas de fosilización lingüística. Podrán ampliarse o reducirse en función de la demanda social. El bilingüismo podrá extenderse a las restantes zonas en la medida en que el pueblo navarro libremente lo decida. Navarra puede llegar a ser toda ella zona vascoparlante, si tal es la voluntad de su pueblo». Hor dago koxka: borondateen inguruko lehian.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
