GARA

Etxebizitza hedatua, lokal hutsak kolektibizatzeko proiektua

Hiri handietan gero eta merkataritza-lokal gehiago daude erabiltzen ez direnak. Bestetik, etxebizitza askok espazio falta dute eta ez dira pertsonen beharretara egokitzen. Bi errealitate horientzako irtenbide bateratua proposatu du Urbanbat kooperatibak egindako ikerketa proiektuak: etxebizitza hedatua.

Beheko solairuetan hutsik dauden lokalek etxebizitzaren espazio gehigarri gisa dituzten aukerak aztertu ditu Urbanbatek.
Beheko solairuetan hutsik dauden lokalek etxebizitzaren espazio gehigarri gisa dituzten aukerak aztertu ditu Urbanbatek. (URBANBAT)

Hirietan gero eta merkataritza-lokal gehiago daude hutsik, eta, bestetik, biztanleek espazio arazoak dituzte etxean. Egoera aztertu eta etxebizitza hedatuari buruzko ikerketa proiektua egin du Urbanbat kooperatibak, Lakuako Gobernuaren Eraikal laguntzekin.

Noizbait merkataritzarako erabili ziren lokal huts ugari daude hirietan: Donostian, %20, eta Gasteiz eta Bilboko gune komertzialetan %25,53 eta %10, hurrenez hurren. Txanpon beraren kontrako aldea da etxebizitzaren afera. Urbanbaten txostenaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitzen %70ek 40 urtetik gora dituzte, horrek dakartzan gabeziekin, bereziki, espazioari, irisgarritasunari eta isolamenduari dagokienez.

Bi behar kontrajarri ditu jendeak: independentzia beharra eta bakarrik ez sentitzea. Etxebizitzen atomizazioak lehen nahiari erantzuten dio, etxe gehienetan pertsona bi edo bakarra bizi baitira, baina bakardade sentimendua indartzen du. Testuinguru horretan, behe solairuetan dauden lokal hutsak etxebizitza hedatu bilakatzea proposatzen du Urbanbatek. Hainbat jardueratarako erabiliko litzateke espazio hori, nork bere etxebizitzan horretarako duen tokia libre utziz. «Ekonomia kolaboratiboa etxebizitza eredura eramatea da», ikerketak dioenez. Hori bai, behar bezala funtzionatzeko, erantzun anitzeko estrategia eta eragile desberdinen inplikazioa ezinbestekoak dira.

SEI ERABILERA POSIBLE

Lokalentzat sei erabilera mota posible proiektatu dituzte. Lehenik eta behin, telelana egiteko edo ikasteko egokia litzatekeen espazioa. Harreman sozialak izateko eta adinekoen zein umeen zaintzarako espazio egokia ere izan daiteke eta kirolerako edo jokorako ere erabil daiteke lokala. Auzokoen arropa garbiketarako eta, ondoren, lixiba esekitzeko ere toki aproposa izan daiteke.

Trasteak gorde zein konpontzeko ere erabil daiteke lokala eta, azkenik, logela «satelite» gisa baliatzea ere proposatzen du proiektuak, bisitek bertan ostatu har dezaten etxean bertan hartu beharrean, edo norbere etxebizitzan obrarik balego, bertan geratzeko aukera izateko.

Lokal bakoitzak eskaintzen dituen aukeren eta bizilagunen beharren arabera, posible da espazioari erabilera bat baino gehiago ematea, aldi berean zein txandaka. Horrek hainbat zerbitzu etxe azpian izateko aukera eskainiko lieke auzokoei.

BIZIMODU JASANGARRIA

Etxebizitza hedatuak hiri eredu jasangarria sustatzen du, Urbanbaten esanetan. Izan ere, hiri estrategia integral baten baitan garatu beharreko proiektua da, oreka bilatu behar duena mota honetako lokalen eta komertzialen artean. Ikerketaren egileak jakitun dira indibidualismoaren kultura hedatzen ari den honetan zaila dela espazioak partekatzea, baina komunitatea sortuko lukeela uste dute. Elkarbizitzarako gaitasuna garatu beharko lukete espazioaren erabiltzaile guztiek, ezinbestean, eta lokal hutsek dakarten arazoaren inguruan sentsibilizatuko lirateke.