Alaia SIERRA
DONOSTIA

Gipuzkoako 10.000 gerrako umeri izenak eta izanak jarri dizkiete

1936ko gerran espedizioetan edo familiarekin erbesteratu behar izan zuten Gipuzkoako 10.232 haur identifikatu ahal izan dituzte: 5.053 mutil eta 4.960 neska. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak batera egindako ikerketa izan da.

Atzo eskainitako prentsaurrekoan, ikerketa lanaren lehendabiziko fasea dela azpimarratu du Ion Gambra Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak. Hortaz, espero dute kontaktatu ez dituzten beste batzuk beraiekin harremanetan jartzea.

Zehaztu zuenez, zerrendako 3.681 ume Donostiakoak ziren, 1.590 irundarrak, 609 Hondarribikoak eta 571 Pasaiakoak. Baina bina kasu ere aurkitu dira Abaltzisketan, Elgetan, Lazkaon eta Zegaman, eta kasu bana Altzon, Zizurkilen, Zaldibian eta Asteasun.

Gehienak frantziar Estatura joan ziren (4.840), ondoren Kataluniara (4.155), Belgikara (580), Sobietar Batasunera (465) eta Erresuma Batura (312). Batzuek Europatik kanpo aurkitu zuten babesa, eta beste batzuek baita Estatu espainiarraren barruan ere.

Ikerketan parte hartu duen Josu Chueca Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak azaldu zuenez, besteak beste Belgikako, Parisko, Madrilgo eta Salamancako artxibo historikoak kontsultatuz lan egin dute.

Izenen zerrenda osatzeaz gain, ume horien bizi baldintzak ezagutzeko aukera nabarmendu zuen Chuecak.

Omenaldia eta jarraipena

Halaber, 50 elkarrizketa sakon egin dituzte eta Gipuzkoako Foru Aldundiko webgunean kontsultatzeko datu-base bat sortuko dute datozen asteetan.

Horregatik, oraindik bizirik jarraitzen duten gerrako umeak omenduko dituzte hilaren 18an Donostiako Kursaalen. Gerrako haurren batek bizirik jarraitzen badu eta omenaldira joateko gonbidapena jaso ez badu, Aldundiarekin harremanetan jar daiteke 943113965 telefono zenbakian.

Proiektuarekin segitzeko asmoa dute, bai jasotako informazio eta irudiekin liburuak sortuz, bai Euskal Herriko beste tokietan ikertuta.