Jon ORMAZABAL
PILOTA

Zabaletak bere estatusaren aldarri ozena egin zuen jotzaileen arteko deman

Elordi oso eraginkor batek lagunduta, finalerako pauso handi bat eman zuen Labriten Aspeko bikoteak, Peña-Mariezkurrenari 22-14 eroso irabazita.

Jose Javier Zabaletak partida latza jokatu zuen.
Jose Javier Zabaletak partida latza jokatu zuen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Azken asteetan behar handirik gabe aritu badira ere, Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak ez dute txapelketako lehen fasean erakutsitako lehiakortasun apurrik ere galdu eta finalera begirako aurrerapauso handi bat eman dute, azken asteetan indarberriturik agertu diren Peña-Mariezkurrenari sendotasunez gailenduta. Gainera, lortutako puntuaz eta emaitza erosoaz harago, Jose Javier Zabaletak ere bere estatusaren aldarri ozena egin zuen, bere alternatiba izan daitekeen Jon Mariezkurrenaren aurrean oso nagusi azalduz.

Izan ere, lehen ligaxkako euren arteko bi partidetan Berriozarrekoari eskuko minek jokatzen utzi ez ziotenez, bazen ikusminik udako atzelaririk onenak azken urteetako (agian betiko ere esaten hasi beharko genuke) sendoenaren aurka egin zezakeenaren aurrean, eta lehia horretan etxarrendarra nagusi irten zen.

Izan ere, kolpez Mariezkurrenak tarteka itzalik egin diezaiokeela argi geratu zen arren, bai eskuinez behintzat, jokoaren beste alor askotan, defentsan, irakurketan edo fidagarritasunean esaterako, oraindik koska bat dago Zabaleta eta Mariezkurrenaren artean tentsio goreneko partidetan. Eta maiz estatistika eta titularrek agertzen ez dituzten detaile horietan -nahiz eta Baikokoek galdutako 11 pilotak nahiko argigarriak izan Aspekoek galdutako 4en aurrean- egon zen partidaren giltza.

SUFRITZEN JAKIN

Eta hori, batez ere txokoan, tantoa amaitzen txukun hasi zen Peña batekin partida orekatu samar hasi zen (2-3). Kontua da, tolosarrak saketik falta bat egin eta pixkanaka gorriak partidaz jabetzen joan zirela. Pilota zakarrago batekin, hezetasunak sortutako zalantzak uxatuta, Jose Javier Zabaleta piloteoan nagusitzen joan zitzaion (batez ere abiaduraz) Jon Mariezkurrenari, eta Aitor Elordik etekin handia atera zion horri, erasora noiz pasatu erabakitzerakoan primeran asmatuz.

Urdinei kosta egiten zaie sufritzea. Partida gehienetan agintzen ohituta daude eta hori egiterik izan ez zutenean hasi ziren euren presa eta hanka sartzeak. Txapelketaren une honetan akats kopurua ondo neurtzea funtsezkoa izaten da eta hor egin zien ihes partidak, hein handi batean. Haizea kontra izanda jokatzen jakitea falta izan zitzaien.

Boteko pilota batekin Mariezkurrenak ere erakutsi zion bizkarra Zabaletari, baina honek beste pausa bat, beste sendotasun bat, beste defentsa bat erakutsi zuen behartuta sentitu zenean eta hor ezarri zituen aldeak. Eta Elordik berak ere Peñak izan ez zuen argitasuna erakutsi zuen.