Osasun arreta euskaraz eskatzera deitu ditu herritarrak UEMAk
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak osasun arreta euskaraz eskatzeko deia egin die herritarrei, Osakidetzak otsail amaieran abiatutako kanpaina dela eta.
Kanpainaren arabera, herritarrek hautatutako hizkuntzan izango dute harremana Osakidetzako profesionalekin, eta gutunak, oharrak eta antzeko jakinarazpenak ere hizkuntza horretan jasoko dituzte. Orain arte, erabiltzaileen %77k adierazi dute zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun arreta, eta horietatik %19k jaso nahi dute euskaraz.
UEMAk jakinarazi duenez, mankomunitateko kide diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, euskarazko arreta eskatu duten herritarren kopurua hiru aldiz handiagoa da: %60,3. Dena dela, bost herritarretik batek ez du Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik, eta batez ere horiei dei egin die UEMAk, kanpainarekin bat egin dezaten eta osasun arreta ere euskaraz eska dezaten.
Lakuako gobernuaren hitzetan, kanpainarekin, «asistentzia maila desberdinetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea» da helburua.
Euskara aukeratzen duten herritarren kasuan, asistentzia aplikazioetako paziente erregistroan zein bestelako identifikazio elementuetan 'e' letra duen ikur urdina agertuko da.
UEMAren arabera, herri erakundeek «eredugarri» izan behar dute euskararen biziberritze prozesuan. Hori dela eta, UEMArentzat «abiapuntua argia» da: «Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea da eta, beraz, erakunde publikoen betebeharra».

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
