Iker GURRUTXAGA
MuSIKHARIA
Entrevista
Ernai gazte antolakundeko kideak eta «Orainari» kantuaren sortzaileak

«Ernairen 10. urteurrenean maitasun berezia eskaini nahi genion abestiari»

Martxoaren 11n, larunbatarekin, aurkeztu zuten Elorrion ‘‘Orainari’’, 2023ko Gazte Topaguneko abestia. Hamar urte betetzen ditu Ernaik eta «arduraz eta mimo handiz» jardun dira lanean Josune Arakistain, Süne, musikariarekin eta Leire Vargas idazlearekin sorkuntza prozesuan. Bi sortzaileekin eta Ernaiko Ane Alava eta Ixone Mendizabalekin izan gara.

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Elorrioko Gazte Topaguneko antolatzaileak azken txanpan sartu direla esan daiteke. Duela aste gutxi aurkeztu zuten egunez eguneko kartela, eta aurreko asteburuan abesti eta bideoklip ofizialak etorri ziren martxoaren 11n, larunbatarekin, jendez betetako areto batean. Sarreren salmenta modu onean doa eta orain, kantua entzunda, «gogotsu jarriko da jendea», Ernaiko kide Ane Alavak esan digunez.

Sortzaileak hautatzen

Ez da erraza izaten halako ekimen baterako kantua nork egin aukeratzea; izan ere, izen asko eta onak ditugu euskal kulturgintzan. Ane Alavak, ordea, argi adierazi digu nondik eta nora joan den guztia: «Bi eztabaida paralelo ematen dira hori aukeratzerakoan, bata Ernain eta bestea Topaguneko antolakuntzan, eta askotan ez dira berdinak izaten. Guk, argi geneukan 10. urteurreneko abestia berezia izango zela eta Ernaik gaur eguneko eszenaren isla izan behar zuela. Hartara, emakume gaztea izatea nahi genuen, ziur. Gainera, hazten ari diren proiektuen aldeko apustua egiten dugu, eta Süneren aukera paregabea zela ikusten genuen».

Letraren gainean garrantzi berezia jarri dutela kontatu du Gazte Topaguneko antolakuntzan dabilen Ixone Mendizabalek: «Eskualdeko emakume baten eskutik eta emakumeen arteko elkarlana sustatu dugu, eta horrek ere epika moduko bat ematen dio. Esan beharra dago honen atzean sekulako lana izaten dela lantalde propio baten eskutik».

Leire Vargas idazleak ere loreak bota ditu taldeari buruz: «Nabarmenduko nuke taldearen garrantzia, oso zaindua sentitu naizelako bide guztian. Oso eroso sentitu gara lanean genbiltzala, nahiz eta jakin denboran estua izan dela dena».

Gogoan du azaroan edo abenduan jarri zirela berarekin harremanetan. «Lagun batek kafe baten bueltan esan zidan, eta baiezkoa eman nuen segituan. Aberasgarria izango zen susmoa neukan, eta horrela izan da erabat. Ekarpena egiten saiatu naiz oso motibagarria zaidan eremu batean; beraz, gustura».

Lausoago du momentua Josune Arakistain musikariak, ez baitu zehazki gogoratzen noiz eta nola izan zen, baina bai zer esan zioten: «Leireren letra zegoela esan zidaten. Eta horrek ere asko motibatu ninduen. Pasioz eta motibazioz hartu dut hau guztia. Gozagarria izan da eta gogorra ere bai, denboraz larri ibili garelako. Baina nire izena proposatu izana soilik ohorea izan da».

Biei ala biei Elorrioko Topagunerako kantua egiteak halako zera bat sentiarazi die barruan, 2002ko abestiak asko markatu baitzuen guztia. Kanpoko begiradak ere halako zerbait iradoki digu. Ane Alavaren hitzetan: «Elorrioko 2002ko kantua zegoen batetik, eta, 10. urteurrena zenez, maitasun berezi bat ere eskaini nahi genion. Eta horrek presioa sentiarazten du. Kontua da musika sortzeko prozesuek ez dakigula ze tempo behar duten, eta akaso gure urduritasunak gehiegi trasladatzen genizkien sortzaileei. Baina Topagunekoek bitartekari lan oso ona egin dute».

Ixone Mendizabalek ironiazko mezu bat ere helarazi du horren harira: «2002ko kantuak asko eragin du eta herri bezala ere asko epaitu gaitu, jende askok kantua ezagutzen duelako eta Elorrio mapan jartzen ez dakielako». Josune Arakistainek onartu du kantu hura etorri zitzaiola lehendabizi burura, baina «niretik, motxila hori gainetik kenduta lan egiten saiatu naiz».

Leire Vargas urte hartan jaiotakoa da, baina antzerako egoera batean sentitu da: «Nolabait ere zerbaiti erantzun beharra edota lekukoa hartzea bezala sentitu nuen, eta ardura moduan hartu nuen. Baina, sortzerakoan, bigarren edo hirugarren planoan geratu zen gero, zorionez. Errealitatea asko aldatu da ordutik hona eta gaurkoari erantzun behar zion kantuak, eta keinutxo bat edo sartzen saiatu gara akaso. Kantu berriak egungo errealitateari erantzuten dio eta hamargarren urteurreneko kantuak orainari erantzun behar zion».

Musikari erreparatuz, countrya eta elektronika uztartu ditu Sünek, horretarako Moonshine Wagon taldeko kideak lagun izan dituela. «Moonshine Wagonekoekin kolaboratzea nahiko instintiboa izan da. Nire erreferentziazko kantuetan countrya maiz egon da, eta Süne proiektuan elektronika jarri nahi dut erdigunean. Countryak sustrai musika hori edo masa hori ematen dio, eta elektronikak gaur egungora ekartzen du guztia; hortaz, fusio hori egiten saiatu naiz».

Hitzei erreparatuz gero, memoria, herria, hizkuntza, zaintza eta dantza entzun ditugu; eta sukaldea, gaztetxea, plaza bezalako espazioei erreferentzia egin die Vargasek. «Garrantzi berezia eman nahi izan diot ‘Bizitzeko modu bat’ hori osatzen duten gauzei. Diskurtsotik harago, ekintzari begiratu nahi izan diot, eta «erantzuna ekintzak» duela ere esaten dut hitzetan. Txikitasunetik jardun nahi izan dut, eguneroko lan horri, oinarrian egoteko moduari eta hurbileko elementuei begirada jarri nahi izan diet», esan du durangarrak. «Jaso nuen unetik oso erreala iruditu zitzaidan, ukigarria eta bisuala den letra bat iruditu zitzaidan. Letra puska bat iruditu zitzaidan, eta oso identifikatuta sentitu nintzen», gaineratu du Arakistainek.

Irrika bizia

Gogotsu direla argi utzi digute bai antolatzaileek eta baita sortzaileek ere. Egunez eguneko kartelak ikusita, apirilaren 8an izango da Sünek ‘Orainari’ jendaurrean joko duen eguna. «Gogotsu nago jendaurrean abestia aurkezteko. Irati eta Gari izan dira batez ere gurekin prozesu honetan guztian eta elkar jasaten egon direnak, eta aipamen berezia egin nahi diet lan handia egin dutelako eta ondoan izan ditugulako».

Antzeko bidetik jardun du Leire Vargasek ere. Irrikaz dago abestia zuzenean aurkeztuko den egun horretarako. «Errespetu pixka bat ematen dit jendea abesten entzuteak. Akaso irisgarritasun gehien izango duen nire hitzak kantu honetan egongo dira, literatura undergroundagoa delako; eta irrikatan nago, jakina».

Ane Alavak ere argi utzi du jendea gogotsu dagoela Elorrion egingo den Gazte Topagunerako. «Hasieratik harrituta geratu ginen. Kartelari buruz ezer ere jakin gabe, lehen tarteko abonu guztiak saldu genituen. Gero, egitaraua agertzen joan den neurrian, halako gorakada batzuk izan dira; eta eguneko bonuak jarri direnean ere igo dira salmentak. Kontua da eguzkia, elurra, euria… dena delakoa eginda ere primeran pasatuko dugula».

Elorrion eguraldia ez da eragozpena izango, gainera. «Euria bada, aterpea dugu; eguzkia bada, zelai eta parke ugari; eta elurra badago, elkarrekin jolastuko gara plazan bertan», esan digu Ixone Mendizabalek. Topaguneko antolatzaileak balioa eman nahi izan dio egindako lanari. «Prozesu bat jarri nahiko nuke balioan. Badago talde feminista bat, eta haiei esker bermatu izan da beti emakumeen presentzia oholtzan; eta nik uste dut irizpide horiek guztiak kontuan hartzeak eta hori betetzen dela ikusteak, horrek sortzen dit ilusio bereziena».

Oraindik «sorpresa ugari» falta direla ere kontatu digute antolatzaileek. Solasaldietako hizlarien izenak ez dituzte ezagutzera eman, zerbitzu eta azpiegitura guztiak zein izango diren ez dute kontatu. Eta, horrez gainera, «sorpresatxo batzuk» prestatzeko asmoa daukate hamargarren urteurreneko ekitaldirako.