Iñaki IRIGOIEN
DUBLIN

Erabakitzeko unea da Donaldson DUPeko buruzagiarentzat

Irlandako iparraldea «sorpresa» batekin esnatu zen gaur zortzi. «Belfast Telegraph», egunkari unionistaren lerroburuak honela zioen hizki handiz: «Winsor Esparruaren aldekoak dira bi heren, baina DUPeko hautesleen artean %73 akordioaren aurka daude».

Rishi Sunak eta Ursula von der Leyen.
Rishi Sunak eta Ursula von der Leyen. (Dan KITWOOD | POOL)

Winsor Esparrua izena jarri zioten Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko akordioari, Irlandako iparraldearen eta Europako merkatu bateratuaren arteko merkantzien joan-etorria arautzen duena. Akordio horrek Dublingo Protokoloaren inguruko tirabirak gainditzea du helburu.

Ipar Irlandako unionistak ez haserrearazteagatik bataiatu zuten Winsor Esparrua izen ponpoxoarekin. Izan ere, urteetako negoziazioak eta zenbait lehen ministro britainiarren kargu uzteak eragin dituzte tirabirek. Akordio batera iritsi eta Irlandako unionistek beti aurkitu dute modua adostutakoa bertan behera uzteko, behin baino gehiagotan gainera erakunde armatu loialisten mehatxuak erabiliz.

Hori dela eta, sir Jeffrey Donaldsonentzat -bai, sir da- egoera ez da inolaz ere berria, Brexit erreferendum egunaren biharamunean hasi zelako. Orduan, hau da, 2016ko ekainaren 23an, duela ia zazpi urte, ipar irlandarren gehiengoa Europar Batasunetik irtetearen aurka azaldu zen. Baina ez zieten kasu egin, eta, egia esanda, ez dago batere garbi oraingo honetan egingo dietenik. Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa beldur da, unionistek kontra bozkatzen badute, aukera asko baitago bere alderdiaren zati garrantzitsu bat atzetik joango dela, eta orduan Londresko Parlamentuan laboristen botoak beharrezkoak izango dira akordio onartzeko.

Zergatik daude unionistak akordioaren kontra?, kanpotik ikusita Irlandako iparraldeko biztanleentzat ezin hobea den akordioaren aurka? Erresuma Batuko merkatuaren parte izaten jarraituko lukete, eta era berean Erresuma Batuko biztanleei dagozkien abantaila guztiak izaten segituko lukete nahi izanez gero, pasaporteak barne.

Badirudi hor datzala problema, Erresuma Batuko gainerako biztanleekin alderatuta egoera hobea izango luketela.

«Nagusiak, gizonak eta langile klasekoak»

“Belfast Telegraph”-ek argitaratu zuen inkestaren arabera, kontra dauden gehienak «nagusiak, gizonak eta langile klasekoak» dira. Hau da, Ipar Irlanda tradizioz eskuin muturrekoa izan den espektro sozialekoak.

Populazioari orokorrean begiratuz gero, 18-34 urte bitartekoen %77 akordioaren alde daude, 35-54 urtekoen artean %65, eta 55 urtetik gorakoen artean %62. Baina unionisten artean, bestalde, %50 kontra daude, eta %12k iritzi argirik ez duela diote.

Nolanahi dela, gauzak aldatzen ari dira pixkanaka unionisten artean. Inkesta berberean esperantzarako izpi bat ikusi nahi dute “Belfast Telegraph”-eko kazetariek. Izan ere, unionisten %54k babesten dute gaur egun Stormonteko Parlamentuari boikota egitea. Orain dela sei aste %66 azaltzen ziren Sinn Feinek lehen ministro kargua hartzearen aurka.