Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Kantauriko Albania

Derrepentean gogoa sartu zait silikona zer den jakiteko, edo berriro gogora ekartzeko sikiera, demontre! Eta hara! Siloxanoaren polimero organikoa dela ikusi dut. Normal ez gogoratzea, nire buruan libre geratzen den espazio txikia okupatuta daukat eta! Total, hori gutxi izan ez eta, gainera, gai geldoa dela eta tenperatura altuetan egonkorra irakurri dut. Bai zera, kimera! Inertea? Silicon Bank hori behintzat apenas. Ez dakit nik gerora begirako beroketa globalaren eszenatokian egonkorra izango ote den baina gaur-gaurkoarenean bederen egongaitz!

Hainbeste Ikerketa + Garapena valley horretan non azkenean Berrikuntza ere ekarri duten: porrota! Eta domino efektua jarri da abian, kapitalaren fitxen gaineko pandemia berria agerian utziz. Zaharra berri. Kopla zaharrak dioenez, «horrela jarri zuen Jainkoak legea». Bada hori, birusa sartu da burtsetan, bere osasun transgenikoa osakeria dela gogoratuz. Burtsa ala hil! Horko baloreen balioa diruaren interesen araberakoa da. Lurrikara ere sortu du valley horkoak, San Andres faila handitik hain gertu egonda... banku tektonikoen zimenduak mugitu eta eraikiak erori eta lurra jo, ustez. Segituan atera dira bankuen lehen sorospen taldeak babesa ematen... eta ez dira kanpadendak izan, prezisamente... Total, bankuen zer horrekin diruak ez dauka non jesarri! Eta kolpea gero! Bankuok solidoak izateko likidezia behar dute! Zeinek ulertu fisika hori?

Kolpea hau ere! Kantauriko Albania berriro fokuan. Baina oraingoan ez da ezker abertzaleen kontrako diskurtsoa, Eliseo Zelaietako apeten aurkakoa baizik. Espainiazona hori isolatuta utziko du tren lasterraren ezak. Amen! Gutuna ere bidalia dio Ajuriaenerixek, postaz antza; ez, korintoarrei ez. Abiadura handiko lotura nahi du horrek... Estatutuan falta diren eskumenak arintzeko ote?