Nerea GOTI
1.080 EUROKO GUTXIENEKO PENTSIOEN ALDEKO MANIFESTAZIOA BILBON

«Milaka arrazoi dauzkagu denok kalera ateratzeko»

Milaka lagun mobilizatu ziren atzo Bilbon, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren deialdiari jarraituz. 1.080 euroko gutxieneko pentsioen eskaeran azpimarra jarrita, egoeran sakontzean beste eskubide asko azaltzen dira, osasun eta gizarte zerbitzuetatik hasita. Horregatik diote milaka arrazoi daudela kalean protestari eusteko.

Ezkerrean, manifestazioaren bukaera, udaletxean; ondoan, mobilizazioaren irudi bat; eta lerro hauen eskuinean, azken bost egunetan izandako itxialdiko eta baraualdiko azken txanda egin dutenak, ur botilak altxatuta.
Ezkerrean, manifestazioaren bukaera, udaletxean; ondoan, mobilizazioaren irudi bat; eta lerro hauen eskuinean, azken bost egunetan izandako itxialdiko eta baraualdiko azken txanda egin dutenak, ur botilak altxatuta. (Oskar MATXIN | FOKU)

Pankarta ugari eta formatu guztietako kartelak -«etxean forratuta, euriarekin apur ez daitezen»-, koloretako lepoko zapiak, musika, lelo ezberdinak eta horietan oinarrituta konposatutako kantak, txistulariak... Bost urteren ondoren, pentsiodunen mobilizazioek koloretsuenak izaten segitzen dute; azkenak, atzo Bilboko kaleetan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak eskatzeko eginikoak, ohikoak izaten diren osagai horiek guztiak bildu zituen, leloak gogor oihukatuz, kalera ateratzeko arrazoiak ez direlako desagertu, areagotu egin dira zenbait kasutan, ahots ezberdinek nabarmendu zutenez.

Hasteko, «erreformaren azken erreformak» ez dituelako aldarrikapen nagusienak ezabatu. Azken Lege Dekretuari begira, «alderdi positiboak» dituela uste dute, baina «ez da duela bost urte baino gehiagotik hona kaleetan eskatzen ari garena». Murrizketak ez direla desagertu salatu zuten.

«Gero eta zailagoa da bizi maila duina bermatzea, batez ere emakume jubilatuen kasuan; haien batez besteko pentsioak gizonenak baino %36 txikiagoak dira», azaldu zuten. Pilota ez dago Gobernu espainolaren teilatuan bakarrik, Iñigo Urkulluren eta Maria Chiviteren exekutiboek pentsioak osatzeko ahalmena dute. Beste datu bat jarri zuten mahai gainean: Hego Euskal Herrian azken igoera %8,5ekoa izan ondoren, 1.080 eurotik behera daude 200.000 lagunen pentsioak, «eta bereziki emakumeei eragiten diete».

Une honetan, gainera, energia eta elikagaiak bezalako oinarrizko baliabideen prezioen igoerak pentsiodun askoren ekonomiak estutzen ditu. Ez da egoera ekonomikoa bakarrik, osasun eta gizarte zerbitzuetako murrizketa bakoitzak inpaktu zuzena du egoera zaurgarrienean daudenengan, eta hori oso presente egon zen atzo Bilboko mobilizazioan.

«Milaka arrazoi dauzkagu kaleetan segitzeko, egoera oso prekarioa delako. Politikariak entzuten ditugunean, lotsagabekeria ikusten dugu. Zenbat emakume pentsiodun daude 800 euro kobratzera heltzen ez direnak? Esaten digute badaukagula RGIa; zelan esan dezake 7.000 euro irabazten duen politikari batek emakume bat 600 eurorekin konpon daitekeela? Eta zenbat oztopo daude RGIa kobratu ahal izateko!», planteatu zuen Sole Agirre Txingudiko Pentsionistak taldeko kideak.

Heldu berria BIlbora, Irundik zetorren autobus beteko lagunak Plaza Eliptikoan zain zeuden; herriko bost emakume eta gizon bat itxialdiko baraualditik atera ziren justu manifestazioan parte hartzeko. Agirrek nabarmendu zuenez, pentsiodunek milaka arrazoi dituzte kalean jarraitzeko haien mobilizazioetan. Eta mugimendu feministen, sindikatuen edo beste gizarte mugimenduen protestetan era beran nahiko luke «sare sozial horiek gure ondoan izatea, gertatzen ari dena ez delako bakarrik pentsiodunen gai bat, denona baizik».

Adibide bat jarri zuen: «Kalean aberatsak ematen dugu denok, baina errealitatera zoazenean adineko pertsonen artean sozializazio arazo handi bat dago, eta horren aurrean esaten dizute gizarte zerbitzuetatik deitzen dietela; baina hori ez da, beste zerbitzu batzuk behar ditugu, adineko pertsonen etxera doazen zerbitzuak behar ditugu, zer eskubide duten azal diezaietela, argi izan dezatela ez garela limosna eskatzen ari, gure eskubideak baizik».

«zaharrak, interesen arabera»

Marisa Gadela sopelarraren ustez, erreforma bat iragartzen dutenean «gauza zoragarri gisa saltzen digute, baina erreforma bat egitea ez da eskatzen genuena, indargabetzea zen». Azaldu zuenez, egoera ezagun bat dago gaur egun emakume pentsiodun askok pairatzen duten errealitatean, «ezkonsariaren garaietan emakume askok, lan egin beharrean, seme-alaben, senarraren eta inguruko senideen zaintzaz arduratu ziren, eta garai horien ondoren, lanaldi murrizketak eskatu behar izan dituzte beste askok, zaintza horiez arduratzeko. Horren ondorioz azkenean emakumeak izan dira kaltetuenak».

Borrokan jarraitzeko beharra adierazi zuen, eskubide asko dagoelako jokoan, eta gogoeta bat utzi zuen airean, sistemak dituen kontraesanen adierazgarri gisa: «66 urte eta lau hilabeterekin jubilatuko naiz. Langabezian bazaude, inork ez dizu deitzen lan egiteko zaharra zarelako, baina bitartean jubilatzeko gazteegia zarela esaten dizute; ez dago hau ulertuko duenik».

Manifestazioarekin ez da ezer bukatu, eta kalera itzuliko dira astelehenean, azken bost urteetan bezala.