Dabid LAZKANOITURBURU

Putin, atzo Mariupolen izan ostean, gaur Moskun Xi-rekin

Vladimir Putin presidentea Mariupolen izan zen atzo, Errusiak kontrolpean hartu dituen guneetara egin duen lehen bisitan eta Hagako auzitegiak bera atxilotzeko agindu eta biharamunean. Gaur Xi Jinping Txinako presidentea hartuko du Moskun.

Errusiako presidentea, eskuinean, Mariupoleko antzokian.
Errusiako presidentea, eskuinean, Mariupoleko antzokian. (AFP)

Errusiako presidente Vladimir Putinek Mariupol bisitatu zuen atzo, «hainbat gune ikuskatzeko eta bertakoekin hitz egiteko», Tass agentziak jakinarazi zuenez.

Bezperan, Errusiak bere egin zuen IX. urteurrenean, Krimean izan ondoren, gauez helikopteroan iritsi zen Azoveko itsasoari begira dagoen Mariupolera, iaz bertan egon zen liskar izugarri eta odoltsuak tamalez famatu zuen hirira. Putinek autoz zeharkatu zuen errusiar Armadaren setio eta erasoaldiak guztiz suntsitu zuen hiria, eta eraberritze lanak ikuskatu zituen.

«Zure alde otoi egiten dugu», esan zion hiritar batek «paradisu txiki honetatik». Beste batek, ordea, berak bezala 70 urte dituela baina dena galdu duela aurpegiratu zion.

Errusiako Armadak duela urtebete inbasioa hasi zuenetik, kontrolpean hartutako guneetan lehen aldiz izan da Putin -martxoaren hasieran Mariupol bisitatu zuen Sergei Xoigu Defentsa ministroak-.

Mariupol Donetskeko oblastaren hegoaldean dago, Donbassen. 2014an han hasi zen gerran Ukrainak hiri estrategikoa mantentzea lortu zuen, batez ere Azoveko batailoiaren erasoaldiari esker.

Ostiralean Kremlineko maizterra atxilotzeko agindua eman zuen Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak. Mendebaldeko adituek «desafiotzat» jo dute bisita.

Ondoren, Ukrainako mugatik gertu dagoen Rostov Don hiriburuan geldialdia egin zuen Putinek eta Armadako buru Valeri Gerasimov jeneralaren eta beste agintari militarren parteak jaso zituen.

Krimean ekin zion Putinek birari larunbatean. Segurtasuna bermatzeko ezustean iritsi zen Sebastopol portu-hirira, aurrez Kremlinek kulturgune baten inaugurazioa bideokonferentzia bidez egingo zuela iragarri ostean.

Hiru egunetan Moskun.

Gaur, berriz, Xi Jinping presidentea hartuko du Putinek Moskun.

Bi kideek gosari informala egingo dute goizean, baina benetako bilera asteartean izango da, eta ondoren prentsaurrekoa egingo dute.

Aurreko astean, Ukrainako auziari negoziazio bidez irtenbidea emateko ekimena aurkeztu zuen Wang Yi Txinako diplomaziako arduradun nagusiak.

Pekinek «bake elkarrizketetan parte hartze eraikitzailea eragin nahi du», azaldu zuen hamar puntu dituen ekimena aurkeztean.

Ekimen horrek Ukrainaren lurraldetasuna babesten du, baina Errusiaren segurtasun aldarrikapenak ere bere egiten ditu.

Txinako Gobernuak ez du bere presidentearen agenda zehaztu eta bisitaren helburua bi herrialdeen arteko adiskidetasuna eta konfiantza areagotzea dela baino ez du esan. Baina Ukraina egongo da mahai gainean.