Berehalako eta errotiko neurriak edo hondamena
Klima krisiaren gaineko albiste txarrak ez dira ustekabekoak izaten; izan ere, ez dira ia albiste izaten. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostena, ustekabekoa ez bada ere, argia da oso: planeta berotze maila katastrofiko batera hurbiltzen ari da ziztu bizian, eta helburu klimatiko globalak iristea ezinezko izango da berehalako eta errotiko neurriak hartu ezean. Klima krisiaren inguruko jakintza zientifikoaren sintesia bildu eta 2.000 zientzialarik baino gehiagok parte hartu dute lan horretan, eta kezkatzeko moduko mezuarekin batera, hala ere, itxaropenerako tarte bat ere helarazi dute, oraindik munduarentzako etorkizun jasangarri bat bermatzea litekeena dela baitio, baita nola lortu ere: erregai fosilak baztertuz eta energia berriztagarriak bultzatuz.
Ez da albiste ona eta ezin esan ustekabekoa dela; izan ere, azken urteetako txosten ugarik ohartarazi dute Lurraren berotzea industria aurreko mailaren gaineko 1,5 gradura mugatzeko helburua lekutan dagoela eta aurreko aurreikuspenik txarrenak gaindituta daudela. IPCCren txostenak aurreko ikerketa horiek berresten ditu eta, esan bezala, oso argia da: ezinbestekoa da 2030. urtea baino lehen berotegi-efektuko gasen isuria erdira murriztea. Hondamendia saihesteko aukera dago, beraz, baina aurreikusitako esfortzuak handiagoa beharko du izan; hau da, orain arte egin ez dena ere egin beharko da zortzi urtean, eta ez komenigarria delako, kinka larria saihesteko ezinbestekoa delako baizik.
Munduak gero eta denbora gutxiago du krisi larri honi aurre egiteko, eta hitzetatik harago kezkatzeko modukoa da. Hau da, hori onartzea ez da nahikoa, estatuek propagandaren fasea gainditu behar dute, eta behingoz erakutsi euren interesak herritarrenak direla, eta ez korporazio handienak, energia presio taldeenak. Planeta osoari eragiten dion arazo larria da, kaltetuenak erantzukizun txikiena dutenak badira ere, eta garaia da munduko agintariek beren herritarrekiko eta gizadiarekiko ardura erakuts dezaten. Ezinbestean bete beharreko helburua da, eta lehenbailehen, hamarraldi honetan. Premia biziko konponbidea da, bihar balio izango ez duena.

Elkarrekin Podemos deja a Etxeberria y Mendoza a solas con Feijóo y Ayuso

«Alguien del entorno de Juan Carlos I nos ofreció 100 veces más dinero para no publicar»

EH Bildu se convierte en la primera fuerza en el Ayuntamiento de Gasteiz

Un donostiarra de 44 años está en coma tras ser atacado por un grupo de ultras en Soria
