GARA
BILBO

Bi asteko beste greba ziklo bati ekin diote Osakidetzako garbitzaileek

Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko azpikontratetako langileek greba ziklo berri bati ekin zioten atzo, LABek, UGTk, CCOOk eta ESK-k deituta, eta apirilaren 2ra arte iraungo du. Hitzarmen berri bat lortzea da helburua. Sindikatu horien grebaz gain, ELAk otsailaren 27tik apirilaren 3ra arte deitutako lanuzteari eutsi dio negoziazioaren «desblokeoa» eskatzeko.

Greben hasierarekin batera, mobilizazioak izan ziren lurralde guztietan. 10.00etan manifestazioa egin zuten Donostia Ospitaletik abiatuta; 10.30ean beste martxa bat Arabako Unibertsitate Ospitalean, eta eguerdian, berriz, Galdakao-Usansoloko ospitalearen aurrean egin zuten protesta.

ELAk salatu du Donostiako Ospitalean ostiralean egindako ezohiko garbiketak greba eskubidea urratzen duela eta erabaki politiko bat dagoela atzean.