GARA
BAIONA

Paradisu Zinema musika beka sortu duteeuskal sortzaileentzat

Elkarrek, Antxeta Irratiak eta EHZ festibalak elkarlanean Paradisu Zinema izeneko musika beka jarri dute abian. Iñigo Muguruzari «omenaldi xume bat» egin nahi diote horrela.

Musikari euskaldunentzako beka berria.
Musikari euskaldunentzako beka berria. (Guillaume FAUVEAU)

Iñigo Muguruza musikaria gogoan, Antxeta irratiak, EHZ festibalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean Paradisu Zinema musika beka martxan jarri dute. Atzo goizean aurkeztu zuten Baionako Eusko Ikaskuntzaren egoitzan; Elkar Musika-ko Andres Camiok, Antxeta irratiko Aitziber Zapirainek eta EHZ festibaleko Joana Barbierrek azaldu zituzten horren ingurukoak.

Camiok azaldu zuen bekaren ideia bururatu eta berehala jarri zirela EHZ eta Antxeta Irratiarekin harremanetan proposamena egiteko, Muguruzaren senide eta lagunekin hitz egin ondoren. «Omenaldi xume bat egiteko asmoa genuen», esan zuen.

Zapirainek kontatu zuen proposamena jaso zutenean ezin izan ziotela «ezezkorik eman», batetik, irrati elkarte bezala horrelako proiektuetan parte hartzea garrantzitsua iruditzen zaielako, eta, bestetik, Bidasoa eskualdeko irratia izanik, aukera baliatu behar zutelako. Izenburua «ezin hobea» dela esan zuen eta gogoratu Antxeta Irratiaren hastapenetik Muguruza familia gertu izan dutela beti, «modu batean edo bestean parte hartzen». Horregatik garrantzitsua iruditu zaio Iñigoren izena izatea bekak. Bestalde, bekaren garrantzia ere azpimarratu zuen: «Sortzaile asko daude Euskal Herrian, eta baliabide gutxi nahi den horretara heltzeko». Azkenik, parte hartzeko deia egin zuen: «Onenak irabaz dezala paradisura bidea».

Barbierrek hartu zuen hitza EHZ festibalaren izenean, eta berak ere aitortu zuen proposamena egin zietenean, «dudarik gabe» baiezkoa eman zutela. «Festibalarekin dugun helburua bada euskal sorkuntza bultzatzea, euskal sortzaileak aitzineratu eta oholtza bat ematea horiei». Bere iritziz, bekak horretan ere lagunduko du. Eta, bide batez, bekaren irabazleak 2024an EHZn jotzeko aukera izango du.

Bekaren oinarriak

Camiok adierazi zuen beka, azken batean, «disko bat grabatu, argitaratu eta sustatzeko» izango dela. Irizpideei dagokienez, jatorrizko kantuak izan beharko dira, eta euskaraz; «ez dago beste mugarik», azaldu zuen. Guztira 10.000 euroko balioa izango du bekak eta %50 Elkarreko estudioetako lanetara bideratuta egongo da, eta beste erdia argitalpen gastuei eta sustapenari bideratuta.

Proposamenaren lagin bat bidali beharko dute musikariek, 2-3 kantu eta taldearen inguruko azalpena. Gaurtik ekainaren 30era bitartean bidali ahalko dira proposamenak, eta epaimahaiaren erantzuna irailaren 15ean jakinaraziko da. Bekaren asmoa gutxienez bi aldiz egitea da, 2025erako aurreikusten da bigarrena.