GARA
BILBO

EAEko ostalaritza lokalen %12,84k soilik du digitalizazio maila altua

“Euskadiko Ostalaritzaren Digitalizazioaren Egoera” txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko ostalaritza sektoreko establezimenduen %40k webgunea daukate eta %6k online erreserbak onartzen dituzte. Lokalen %12,84k bakarrik daukate digitalizazio maila altua.

Atzo aurkeztu zuten txostena.
Atzo aurkeztu zuten txostena. (BCCInnovation eta Delectatech.)

EAEko ostalaritza establezimenduen % 40k webgunea du, eta % 5,96k baino ez du erreserba sistema digitala, “Euskadiko Ostalaritzaren Digitalizazioaren Egoera” txostenaren arabera. BCC Innovation, Basque Culinary Centerren zentro teknologikoa, eta Delectatech enpresa katalana arduratu dira ikerketa egiteaz.

Aurkezpena LABe Digital Gastronomy Lab-en egin zuten, BCC Innovationek Donostiako Tabakalera zentroan duen laborategian. Jose Pelaez BCC Innovation eta LABe Digital Gastronomy Lab-eko Berrikuntza Digitaleko arduradunak aurkeztu zuen txostena, Euskal Autonomia Erkidegoko 10.861 ostalaritza establezimendu aztertu dituena (5.539 Bizkaian, 3.656 Gipuzkoan eta 1.486 Araban), Internet bidezko komunikazioaren kudeaketaren eta bezeroari eskaintzen dizkioten zerbitzu digitalen alorrean.

Pelaezek adierazi zuen aztertutako establezimenduen % 40,08k bakarrik dutela webgunea, eta horietatik %64,69k domeinu propioa dutela. Euskal Autonomia Erkidegoari lokalen online markaren presentziaren alorrean 5a jarri diote. Era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako establezimenduen %22,13 baino ez dira agertzen Googleren lehen orrian, eta hori «dezente hobetu liteke», Pelaezen ustez.

Horrez gainera, txostenak agerian utzi du EAEko establezimendu oso gutxik dutela erreserbak digitalki egiteko aukera, %5,96k, hain zuzen ere. Karta digitalak lokalen %11,98k dituzte, eta wifia %18,02k. Etxez etxeko zerbitzuak, berriz, gora egin du, ia %30era iristeraino.