EDITORIALA

Aitorpen ofizialaren zain, herritarren gogoan

Argi ofiziala jendartean argi zegoena berrestera iritsi da. Mespretxuz eta oztopoz betetako 39 urte igaro ondoren. 1984ko martxoaren 22an Espainiako Poliziak Pasai Donibanen egin zuen segada, Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Jose Maria Izura Komando Autonomo Antikapitalistetako kideen heriotza, zantzu nabarmen ugariren arabera, «exekuzio estrajudiziala» izan zela adierazi du Lakuako Gobernuak eskatuta EHUren Unesco katedrak egin duen txosten batek. Hildakoen senitartekoek oraindik orain izan dute txostenaren berri, 2020ko martxoan amaituta zegoen arren. Txostenak dioenez, eta jakina zenez, sarraskiaren auzian ez zen egon «ikerketa judizial eraginkorrik».

Emakume baten bahiketarekin hasi zen operazioa, Poliziak berak egindako bahiketarekin, hain zuzen, emakumearen atxiloketa izen faltsu baten pean erregistratu baitzuten, segadarako «amu» gisa erabiltzeko asmoz. Bertsio ofizialaren arabera, polizien eta euskal militanteen arteko tiroketa izan zen, eta poliziek «erasoari» aurre egin zioten. Egiaz, ordea, poliziek bakarrik egin zuten tiro, eta ez gutxi, gazteen gorpuek erakutsi zutenez. Ikaragarria da txostenak ondorioztatu duena, baina ez harrigarria; izan ere, inork gutxik sinetsi zuen bertsio ofiziala duela 39 urte, eta are gutxiago justizia administrazioaren utzikeriaren eta Poliziaren jarrera oztopatzailearen argitan. Urte hauetan guztietan haziz joan den susmoa berretsi du EHUren Unesco katedraren txostenak, eta Estatuaren bertsio ofiziala gezurtatu.

Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritzako balorazio batzordera iritsi da txostena, hildakoak Estatuaren biktima gisa aitortuko dituen zehaztu dezan. Hori, baina, ez da berehalakoan gertatuko. Senitartekoek duela gutxi arte txostenaren berri izan ez dutenez, oraindik orain berriro zabaldutako bide judiziala amaitu arte itxaron beharko du Lakuako Gobernuak biktimak aitortzeko eta erreparatu ahal izateko. Herritarrek hasieratik gogoan izan dituzten biktimek, behingoz, aitorpen ofiziala izan dezaten, lau hamarkada igaro ondoren.