GARA
ITSASU

Bi eguneko egitaraua prestatu dute Itsasuko Agiriaren 60. urtemugan

Bagira dinamikaren eskutik Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak Itsasuko Xartaren 60. urtemuga ospatuko du apirilaren 8 eta 9ko asteburuan. Aberri Egun «herrikoi eta aldarrikatzailea» egin eta erronkei erantzutea xede, egitarau oparoa antolatu dute.

Aberri Eguna aurkeztu zuen atzo Bagira dinamikak Itsasun.
Aberri Eguna aurkeztu zuen atzo Bagira dinamikak Itsasun. (Guillaume FAUVEAU)

“Biharko Euskal Herria eraikitzeko prest” lemapean, Bagira prozesua bultzatzen ari diren herritarrek Aberri Eguna ospatzeko bi eguneko egitaraua osatu dute Itsasun. Atzo plazaratu zuten prentsaurrekoan.

Apirilaren 8an, 11.00etan hasiko dute ospakizuna. Mugimendu abertzalearen 60 urteko borrokaren erakusketa estreinatuko dute, argazki, pegatina eta afixez osaturik.

Iragan otsailaren 4an, 130 bat pertsonak Itsasuko Sanoki gela bete zuten Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen transmisio historikoaren ekimenari abiapuntua emateko. Geroztik, eragile ugarik oso bestelako alor eta eszenatokietan sei hamarkadatan eginiko lanaren inguruan solastatzeko parada izan dute, hamarkadetako borroken inguruko transmisio ariketa pertsonal zein kolektibo bat egiteko.

Gazteak, sindikatuak, eragile politikoak, hedabideak, ekologistak... solasaldi eta mahai-inguruen bidez lotu dira Bagirak proposaturiko transmisio fase horretara.

Orri berria idazteko tenorea

«Bagira prozesuarentzat, eskalaz aldatzeko eta etorkizunera proiektatzeko tenorea da. Mugimendu abertzalearen segidaren ardura hartuko duten militanteek orri berria idazteko tenorea», adierazi zuen Nerea Peponnet Aberri Egunaren antolatzaileak.

Behin erakusketa inauguratuta, eguerdi aldera Ixabe, Foisis Jauna eta Marilouren kontzertuek animaturik, jatekoak eta edatekoak izanen dira Itsasun. Arratsaldean, berriz, bi mahai-inguru, 14.30ean “Aberri Eguna atzo, gaur eta bihar” eta 17.00etan “Zer eskatzen du herriak?”.

Finean, 2023ko eta 2024ko Aberri Egunen artean luzatuko da, historiatik irakaspenak atera eta etorkizuneko erronkei erantzutea helburu duen Bagira dinamika.

Apirilaren 9an, Aberri Egunaren kari, 11.00etan hasiko den manifestazioa izanen da unerik garrantzitsuenekoa. Plazatik abiatuko da, Itsasuko Harrirainoko ibilbidea egiteko.

“Itsasuko Agiria” plazaratu zen leku historiko horretan eginen den ekitaldia izanen da hitzordu nagusia, mugimendu abertzaleak mezu nagusia emanen duelako jakitera.