EDITORIALA

Erretreten erreforma baino gehiago da

Estatu frantseseko protestak ez dira moteldu; aitzitik, handitu eta biderkatu egin dira. Pentsioen erreformak bederatzi protesta-egun eragin ditu aurten Estatu frantsesean eta datorren astearterako hamargarrena aurreikusita dago. Haserre nabarmena eragin du erreforma horrek, eta hura aurrera ateratzeko moduak areagotu egin du. Baina beste hainbat kontuk ere elikatu dute Emmanuel Macronen aurkako mugimendua, hala nola prezioen igoerak eta zerbitzu publikoak kaskartzeak. Eta, gutxi balitz bezala, polizia indarren kudeaketak ez du lagundu haserre hori baretzen. Larunbatean, aurreko egunetako polizia indarkeria errepikatu zen zenbait urtegi eraikitzeko proiektu baten aurkako mobilizazio ekologista batean eta hainbat zauritu eragin zituen, haietako batzuk oso larri.

Erretreten erreforma Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain dago, baina erabaki hori edozein dela ere, formari baino areago funtsari dagokion jokaera erakutsi du Macronek bidean. Erretreta hartzeko adina luzatzen duen erreforma arazoaren hasiera izan zen, baina hura aurrera ateratzeko moduak, mekanismo demokratikoak saihestuz, are eztabaidagarriago egin du. 49.3 artikulua erabiltzea ez da legez kanpokoa, jakina, baina Asanblea Nazionalean zuen boto gabezia dekretu batez gainditzeaz gain, Estatuko herritar gehienen borondateari muzin egin dio. Hau da, parlamentariek erabakitzea saihestu du, herritarren borondatearekin bat ez datorren erabaki bat indarrean jartzeko.

Nola bideratuko da Estatu frantseseko krisi sozial eta politiko hori? Norantz egingo du Macronen aurkako haserreak? Atzo argitaratutako inkesta batek erantzunaren zantzu bat eman lezake: haserre horren parte batek ezkerra indartu lezake, baina oso kezkagarria ematen du igoera handiena Le Penen Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiarena izateak, inkestaren arabera boto gehien jaso lezakeen alderdia izateraino. Izan ere, kezkatzekoa da, zalantzarik gabe, indar antidemokratiko bat herritarren sostengurik handiena izatea, baina Macronen eta hura sostengatzen duten alderdien jokaera ere ez da demokratikoki eredugarria.