GARA
IRUÑEA

EHEk mobilizazioak deitu ditu Nafarroan Euskararen Lege berria aldarrikatzeko

EHEren mobilizazioa, abenduan.
EHEren mobilizazioa, abenduan. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Bada garaia, euskara ofiziala eta kitto!» lelopean bi elkarretaratze, ekintza bat eta mobilizazio nagusi bat iragarri ditu Euskal Herrian Euskaraz erakundeak. Nafarroan euskararen ofizialtasuna bermatuko duen Euskararen Lege berria aldarrikatuko dute mobilizazioekin. Apirilaren 22rako ekintza bat iragarri dute Bardean.

Gogora ekarri zutenez, joan den abenduaren 15ean 36 urte bete ziren 1986an Nafarroa hiru eremu zatikatu zuen Euskararen Foru Legea onartu zenetik. «Zonifikazio horrek Nafarroa Garaiko herritarren hizkuntza-eskubideen zatiketa eta urraketa» ekarri zituela salatu zuten eta zatiketaren ondorioz, nafar guztiek ez dituztela hizkuntza eskubideak bermatuta. «Hori gutxi balitz bezala, lege horren bitartez, euskararen normalizazioa ekidin nahi da, euskararen diglosia- eta mendekotasun-egoera luzaraziz», gaineratu zuten.

Gauzak horrela, EHEk Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza daukaten alderdi guztiei eskatu die lurralde osoan euskararen ofizialtasuna onartuko duen Euskara Lege berria onartu dezatela. Horretarako, elkarretaratzea egin zuten abenduaren 15ean eta, hauteskundeen atarian gauden honetan, «mobilizazioa indartzea eta euskararen ofizialtasuna agendaren lehen lerrora ekartzea» xede duten mobilizazioak deitu dituzte, «ezinbestekoa» dela iritzita.

Euskararen Foru Legeak ezartzen dituen eremuetako bakoitzean mobilizazio bana egingo dute, eta ondoren, mobilizazio nagusia Iruñean. EHEk herritarrei dei egiten die aipatutako mobilizazioekin bat egin dezaten.