EDITORIALA

Berandu bada ere, ondo etorria luzamendua

Donostiako Udalbatzak hotel-establezimendu eta etxebizitza turistiko berrien lizentzietarako urtebeteko luzamendua onartu zuen atzo. Neurriak auzo batzuei bakarrik eragiten die. Gainera, erabakiak ez du hurrengo korporazioa konprometitzen, eta ez du epe laburrean eragin nabaririk izango; izan ere, emandako lizentziekin, hurrengo hiru urteetan turistentzako plazen %20 gehiago gehituko direla kalkulatzen da.

Eragina mugatua bada ere, oso esanguratsua da moratoria bat onartu izana. Lehenik eta behin, Eneko Goia buru duen gobernu taldeak uko egin diolako legegintzaldi osoan aukera horri buruzko edozein proposameni, baina legegintzaldiaren azken hatsean luzamendu bat proposatu du. Gainera, udal talde guztiek aldeko botoa eman dute, hirian turismoa kontroletik kanpo dagoela uste zabalaren seinalea. Gero eta nabarmenagoak dira egungo eredu harrapariaren kostu sozialak. Turismoak aberastasuna ekarriko zuela errepikatu dute behin eta berriz udal gobernuen ordezkariek, gutxi batzuentzat onura bihurtu da, ostera. Donostiar gehienentzat turismoaren eragozpenak gero eta nabarmenagoak dira. Alde batetik, jendearen aglomerazioek eta zaratek hiritar arrunten bizitza asko zaildu dute, zenbait auzotan bereziki. Bestetik, turismoaren presiopean etxebizitzen prezioek izugarrizko igoerak jasan dituzte: %50 inguru igo dira azken zortzi urteetan etxebizitzen salneurriak eta alokairuak. Garestitze horren ondorioz, bertako gazteak eskualdeko beste herri batzuetara alde egiten ari dira, Foru Aldundiaren txosten berri batek erakusten duen bezala; eta beste leku batzuetako gazte aberatsak euren lekua hartzen ari dira.

Oso gaizki ikusi du egoera Eneko Goiaren gobernuak azken momentuan bere buruari osoko zuzenketa egiteko, oposizioak elektoralismoa leporatuko liokeela jakinda. EAJren eta PSEren artean osatzen duten gobernuaren errua da. Erakundeek interes orokorra zaindu behar dute onura pribatuen gainetik, baina Donostian ez dute horrelakorik egin eta ondorioak begi bistakoak dira. Onartutako aldaketaren eragina mugatua izan arren, beste norabide bat marrazten du.