Protestan jarraitzeko deia, Bornerekin izandako bileraren porrotaren ostean
Frantziar Estatuko sindikatu nagusien esanetan, Elisabeth Borne lehen ministroarekin atzo izandako bilera porrota izan zen. Ostegun honetan antolatu diren erretreten erreformaren aurkako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei. Baionako manifestazioa Santa Ursula plazatik abiatuko da 10.30ean.

Frantziar lehen ministroak eta sindikatuek Parisen atzo izandako bilera porrota izan zen, Elisabeth Bornek erretreten erreforma beharrezkoa dela azpimarratu zuelako.
«Halabeharrez porrota da», nabarmendu zuen Cyril Chabanier CFTC sindikatuko presidenteak, bilera amaitu ondoren komunikabideen aurrean egindako agerraldian. Bertan zortzi zentral nagusietako buruzagiek agiri bateratua irakurri zuten.
Adierazi zutenez, ez dute Macronen Gobernuarekin hitz egingo, erretreten erreformak jasotzen dituen neurri polemikoak indargabetzen ez diren bitartean. Horien artean dago erretiro adinaren igoera, 62 urtetik 64ra.
«Lehen ministroak esan du bere testuari eutsi nahi diola, eta hori erabaki larria da», erreforma «ia herritar guztiek baztertzen dutelako», gaineratu zuen Chabanierrek, eta erretreten erreforma «bidegabea» dela ohartarazi zuen.
Laurent Berger Frantziako Lanaren Konfederazio Demokratikoko (CFDT) idazkari nagusiak ere gogor kritikatu zuen lehen ministroaren jarrera, eta frantziar Estatuak «krisi demokratiko larria» bizi duela nabarmendu zuen.
Horregatik, Bergerrek herritarrei dei egin zien ostegun honetako manifestazioetan parte har dezaten. Baionako manifestazioa Santa Ursula plazatik abiatuko da 10.30ean, eguerdi aldera Saint Leon biribilgunera ailegatzeko.
Konstituzionalaren zain
Halaber, sindikatuek erantzukizuna eskatu zioten Auzitegi Konstituzionalari; izan ere, erabaki bat hartu beharko du datorren astean erretreten erreformarako proiektuaren konstituzionaltasunari buruz.
Bestalde, ezkerreko 252 hautetsik lege proposamen bat aurkeztu zuten martxoan, ekimen partekatuko erreferenduma (RIP) antolatzeko. Honek erretretarako adinaren aldaketa bozkatzea ekarriko luke. Auzitegi Konstituzionalak ekimen partekatuaren erreferendumaren onargarritasuna neurtuko du. Gutxienez 4,8 milioi herritarren sinadura bildu beharko lituzkete aurrera eramateko.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
