GARA
DONOSTIA

Lehen Arreta berrantolatzeko eskatu dute Gipuzkoako sendagileek

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak EAEko lehen mailako arretaren egoerari buruzko kezka agertu du, «kalitatezko sistema eskaini ahal izateko lehenbailehen egituratu eta antolatu beharra» dagoela nabarmenduta.

Elkargoak ohar batean jakinarazi duenez, berrantolaketa herritarren eta osasun-profesionalen beharrei erantzunez egin behar da. Zehazki, langileen lan-baldintzak, ondoez psikikoa eta higadura dira kezka nagusiak. Horren guztiaren ondorio dira itxaronaldiak handitzea, jarraitutasuna galtzea eta, oro har, «arretaren kalitatea eta pazientearen segurtasuna arriskuan jartzea».

Bide batez, jakinarazi dute Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluak proposamenez jositako dokumentu bat helarazi ziela Lakuako Osasun sailburuari, Osakidetzako zuzendari nagusiari eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariari. Oraindik ez dute erantzunik jaso.

PROPOSAMENAK

Proposamen zehatzak mahaigaineratu dituzte. Batetik, ekintza kopurua mugatzea, zereginen araberako denborak errespetatzea eta agendaren autokudeaketaren alde egitea; horretarako, langileen egonkortasuna bermatu behar da.

Bestalde, barne-komunikazio «handiagoa eta eraginkorragoa» eskatzen dute. Familia eta Komunitate Medikuntzako egoiliarren eta Medikuntza ikasleen tutoreen figura «zaintzea, sustatzea, aitortzea eta ezagutaraztearen eta prestigiatzearen alde apustu egitea» nahi dute. Gainera, profesionalak «modu hurbilagoan» tratatu behar direla uste dute, ondoezaren arrazoiak entzunez.