GARA
BILBO

Sektore pribatuan hizkuntza eskubideak atzera egiten ari direla ikusi du Behatokiak

2022an Euskal Herriaren luze-zabalean hizkuntza eskubideen urraketak jasan zituzten herritarren lekukotasun zuzenak jaso ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Ondorioztatu duenez, euskaraz lan egiteko baliabide eta neurri faltak beste arloetan ere kalteak eragiten ditu. Lege babes handiagoa eta jendartearen erantzukizuna eskatu ditu.

Garbiñe Petriati eta Agurne Gaubeka, Behatokiko teknikaria eta zuzendaria, Bilbon.
Garbiñe Petriati eta Agurne Gaubeka, Behatokiko teknikaria eta zuzendaria, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Behatokiak “Hizkuntza Eskubideen Egoera 2022” txostena aurkeztu zuen atzo Bilbon. «Hizkuntza eskubideen aitortza, normalizatzetik urrun» ikusi dute, Agurne Gaubeka erakundeko zuzendariak azaldu zuenez. «Urteak aurrera doazen arren, herritarrari euskaraz bizitzeko eskubidea mugatzen eta oztopatzen zaio egunero esparru ugaritan».

Gaubekak nabarmendu zuen herritar askok Behatokia eskubideen babeserako tresna gisa hartzen duela. Halaber, jendarteak hizkuntza eskubideen aitortza eta egoera ardura indibidual eta kolektibo gisa ikusten duela adierazten dute jasotako datuek.

Hala ere, gogoratu zuen «euskararen normalizaziorako pausoak mugatu, oztopatu edo debekatzen badira, hizkuntza eskubideek ez dutela inoiz aitortza egokirik izango». «Hizkuntza eskubideak herritar guztienak diren heinean, horiek bermatzea eta euskararen normalizaziorako pausoak ematea enpresa, elkarte eta erakunde guztien erantzukizuna da», aldarrikatu zuen Behatokiko zuzendariak.

Detektatu dutenez, maiz euskaraz ikasi eta lan egiteko baliabide eta neurri faltak beste arloetan ere eragin negatiboak ditu. Ondorioz, euskararen lurralde osoan «lege babes handiagoa» izatea eskatu zuen Gaubekak.

Garbiñe Petriati teknikariak jakinarazi zuen orotara 1.071 intzidentzia jaso zituztela, 976 kexa, 54 zoriontze eta 41 kontsulta edo iradokizun. «Kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez da. Izan ere, badakigu herritar askok zerbitzuak euskaraz eskatzeko zalantza izan dutela, atzerapenen edo bestelako kalteen beldur, eskubide urraketa gisa identifikatu gabe. Sistemaren hutsuneen adierazle da hori».

Nafarroako eta Lakuako gobernuak izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak, baina oraingoan Bizkaiko udalek jasotako kexa kopuruak atentzioa eman dio Behatokiari.

Kulturan, aisian eta kirolean, herri ekimenetik sortutako Pantailak Euskaraz mugimenduak, esaterako, herritarren artean euskarazko eskaintza ezaren kontzientzia piztu du. Sektore pribatuan, merkataritza gune handietan gero eta urriagoa da euskararen presentzia, eta atzeman diren atzerapausoek kezka sortu dute. Kontuan izan behar da askok lege betebeharrak izan arren ez dituztela betetzen.

Energia hornitzaile, telekomunikazio enpresa, finantza eta aseguru etxe zein garraio enpresek ez dituzte bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzen. Eta ostalaritzan eta bestelako negozio askotan euskararen presentzia alboratzen da. Hizkuntza eskubideak murriztu dituzten epaiek zer eragin izango duten aztertu beharko duela ere esan zuen Behatokiak.

Ertzaintzan emandako pausoak ez direla aski baieztatu, eta Foruzaingoan arreta gaztelaniaz izaten dela nabarmendu zuen. Barne Saileko 29 lanpostuk bakarrik eskatzen dute euskararen ezagutza (%1,5 inguru) eta, hala, nekez eskainiko dute zerbitzua euskaraz.