GARA
PARIS

Macronek «lan bizitzaren ituna» izenpetzea nahi du urte amaieran

Emmanuel Macronek ehun eguneko epea eman dio bere buruari, egoera soziala baretuz bere agintaldiaren ardatzak finkatzeko. Enpresaburuen ordezkariekin bildu ondoren, «lan bizitzaren ituna» hitzartzeko denbora tartea luzeago bat eskaini du: urte amaiera arte.

Enpresarien elkarteko kideekin bildu zen Macron.
Enpresarien elkarteko kideekin bildu zen Macron. (Stephanie LECOQ | AFP)

Emmanuel Macronek epe berria eman zuen atzo, erretreten erreformak sortu krisia gainditzeko bidean, bezperan proposatu zuen «lan bizitza ituna» hitzartzeko.

Telebistaren kameren aurrean ehun eguneko epea eman zion bere buruari, alde batetik, giro soziala baretzeko, eta, bestetik, bere agintaldiaren ardatzak finkatzeko.

Zehazki hiru lan eremu erakutsi zizkion lehen ministroa den Elisabeth Borneri. Honek lan, justizia eta aurrerapen alorretan jorratu beharreko egitasmo zehatzak ezagutzera eman behar lituzke ondoko asteetan. Macronen bigarren eta azkeneko agintaldia berriz errailetan ematea ahalbidetu behar lukeen programa horren gaineko behin-behineko ebaluazioa uztailaren 14an finkatu zuen Eliseoko maizterrak.

Enpresaburuen elkarteek berehala ohartarazi zuten zaila jotzen zutela uda bitartean «lan bizitza itunari» buruz akordio batera heltzea. Are gehiago, hiru hilabetez mobilizatu ostean Eliseora joateko sindikatuek jaso duten lehenengo gonbidapena errefusatu ondoren. Kontuak horrela, «hau bai eta bestea ere bai» defendatzea egotzi dioten presidenteak epe berria finkatu zuen enpresaburuekin atzo egin zuen bileraren atarian. Hala, «agian Maiatzaren Lehenaren ostean» agenda sozialaz mintzatzeko prest agertuko diren sindikatuekin batera akordioak lantzeko deia egin zuen, esaterako Kontseilu Konstituzionalak zentsuratu dituen erretreten erreformaren zenbait kapituluren gainean, hala nola 55 urtetik gora duten langileen ibilbide profesionalaz edo lan sufrimenduari buruz.