Jon ORMAZABAL
PILOTA

Manomanista perfektuaren prototipoa, adimen artifizialaren beharrik gabe

Unai Lasok, sotamanoz pilota oso atzean jarrita, partidaren lehen txanpan zailtasunetan jarri bazuen ere, Jokin Altunak joko erakustaldi latza eman zuen eta egungo txapeldunaren jokoa erabat deskonektatu zuen, bere hautagaitza are gehiago sendotuz.

Hasieran atzetik hasi arren, gaitzeko erakustaldia eman zuen Jokin Altunak.
Hasieran atzetik hasi arren, gaitzeko erakustaldia eman zuen Jokin Altunak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Oraintxe horren puri-purian dagoen adimen artifizialeko tramankulu horietako bati manomanista perfektu baten prototipoa egiteko eskatuko bagenio, traste horrek ziurrenik atzo Bilbon jokatu zuen Jokin Altunaren oso antzeko abatar bat emango liguke erantzun moduan. Fisikoki aspaldi baino freskoago, sufritzea tokatu zitzaionean hortzak estutzeko gai, taktikoki erabaki guztiak zuzen hartuz -nahiko lukete Chat GPT eta antzekoek halako eraginkortasunik- eta teknikoki apenas akatsik gabe, amezketarrak pilota bakoitza nahi zuen lekuan ere jarriz, sekulako erakustaldia eman zuen. Iaz leku beran kanporatu zuen Unai Laso txapeldunari aurkaria txalotzea besterik ez zitzaion geratu, tamainako erakustaldiaren ondoren.

Bizia, eta era berean kirola, zenbakitan, parametroetan, estatistiketan neurtu ahalko balitz, atzokoak ikusita, ziur algoritmoak oraintxe bertan emango liokeela Jokin Altunari aurtengo Buruz Buruko txapela, baina zorionez pilotak, are gehiago manomanistak, arrazoiari ihes egiteko baliabide handiak ditu eta gozatzen jarraitzeko motiboak eta gogoa geratzen zaizkigu. Hori bai, atzokoa bezalako erakustaldiek arrastoa utzi izan ohi dute zaleengan eta aurkariengan, eta berez zena baino faboritoagoa dirudi amezketarrak denen begietan.

Eta hori, Unai Lasoren hasiera bikain baten ostean, ordu erdi geroago garaiezin ikusi genuen Jokin Altunari sufritzea ere tokatu zitzaiola. Bere eskuin bizia jokoan jartzeko moduan izan zenean, sotamanoz pilota asko atzeratuz, une batzuetan behintzat, zailtasunetan ipini zuen Bizkarreta-Gerendiaingoak Aspeko aurrelaria (5-2).

BI SAKE ZABALERA

Jokin Altunari, ordea, aurkariari baino, bere buruari begiratzea gustatzen zaio eta atzo ere hala egin zuen, sakeari behar besteko etekinik atera ez zionaz ohartzeko. Eta adimen artifizialak hor pilotarekin ezker pareta gehiago bilatu behar lukeela erantzungo zion, inoiz ez, Amezketako aztiak egin zuen bezala, indarrez zabalera ateratzekoa. Horixe dute sailetik aparteko pilotariek, sailetik aparteko erabakiak hartzeko gaitasuna izaten dutela, aurkariak ere erabat ezustean harrapatzeko baliabideak. Eta Unai Laso bere lekutik mugitu ere ez zen egin sakea erantzuteko.

Are gutxiago partidako bigarren eta azken berdinketa lortzeko (5-5), aurrelari gipuzkoarrak pilota ia leku berean, baina oraindik ere biziago jota, jarri zuenean.

ALTUNA, NAHIERAN

Aitaren batean eman zion buelta 2021eko txapeldunak egoera zail bati eta, behin markagailuan agintea hartu zuenetik aurrera, nahieran aritu zen, egungo txapeldunari arlo guztietan aurre hartuz.

Hasiera elektriko eta tarteka gogor horretan Bizkarreta-Gerendiaingoak baino osoago aritzearen itxura eman zuen, eta teknikoki ere mota guztietako erantzunak topatuta bere katalogoan. Ezker boleaz takateko ederrak eman zizkion pilotari, bi pilotakada leku berera bota gabe. Zenbait unetan aurkariak pazientzia ere galdu zuen, kantxan non kokatu behar zuen jakin ezinik.

Iaz frontoi berean jokatutako finalerdian freskoago zegoen Unai Laso eta piloteoan nagusituta atera zuen partida aurrera, baina atzo, aurrera pauso bat eman zuen bakoitzean, botera jarrita, Jokin Altunak ere zulo ederrak ireki zizkion, pilota frontisetik asko urrunduz. Akatsik gabe, perfekzioaren muga gero eta gertuago du Jokin Altunak.