Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Desagertuen kazetaritza

Milaka lagun abiatu dira Tapachula hiritik AEBetarantz. “Viacrucis migrante” izena jarri diote karabanari, Juarezen orain hilabete inguru atxiloketa-zentro batean hildako 40 migranteak gogoan. Tarteka, norbaiten garrasiari jarraitzen diote besteek eta «dónde están los 40» oihukatzen dute, euren mina entzungo delakoan.

2014. urtean desagertutako beste 43 lagunekin akordatu naiz. Ayotzinapa kasua Igualako landa-eskolan magisteritzako ikasle ziren gazteen desagerpenarekin hasi zen. Askotan lez, bortxazko desagertzea zirudiena, hilketa masibo baten ageriko frogen batuketa bihurtu zen berehala. Urteekin, erailketa zantzuak agertu dira, hezur zatiak zein eskolarako materialaz jositako motxilak.

Ez dakit zer zeramaten motxiletan desagertutakoek, baina begi bistan da ez dela eskola xume eta publikoko ikasle bat baino ezer arriskutsuagorik.

Elena Poniatowska mexikar jatorriko idazle eta kazetariak Belisario Dominguez domina jaso du egunotan, herritar batek jaso dezakeen errekonozimendu gorena. Bere diskurtsoa kazetaritzari gorazarre egiteko baliatu du, salaketarako eta eraldaketa sozialerako ofizioa aldarrikatuz. Norbaitek jaso behar dituelako desagertuen istorioak, dela Poniatowskak, dela Alberto Pradillak.