Mikel IRASTORZA
SENPERE

Musika eskaintza zabala, erronkaz beterik datorren Herri Urratsen

Maiatzaren 14an ospatuko da Ipar Euskal Herriko ikastolen bestaren 40. edizioa. Senpereko aintziratik gertu eraikitzen ari den kolegioaren gastuak ordaintzeko baliatuko dute bildutako dirua. Delirium Tremens, Su Ta gar, Zetak eta Gozategi igoko dira oholtzara.

Seaskako ordezkariek Senperen egin zuten agerraldia, Herri Urratsen egitaraua aurkezteko.
Seaskako ordezkariek Senperen egin zuten agerraldia, Herri Urratsen egitaraua aurkezteko. (Guillaume FAUVEAU)

Euskalgintzak deiturik, apirilaren 22an Baionan iragan zen manifestazioaren ondotik, euskarak hitzordu berri bat du maiatzaren 14an, Senpereko aintziran ospatuko baita Herri Urratsen 40. edizioa.

«Euskararen aldeko borrokak ez du atsedenik», aitortu zuten Seaskako ordezkariek “Urratsak zubi” leloa duen bestaren egitarau osoa aurkezteko eginiko agerraldian.

Euskarak bizi duen egoeraz lehendik kezkak baldin baziren, beste bat gehitu zuen atzo Seaskako lehendakariak.

Izan ere, heldu den ikasturterako, frantziar Hezkuntza Ministerioari 15 postu galdegin zizkion Seaskak baina bost emanen dizkiola jakinarazi du. «Joan den astean errektoretzarekin ukan genuen mezu trukaketan, beste behin ere ateak hetsiak atzeman genituen. Baina negoziaketa ez dugu itxitzat ematen eta ezinbestekoa izanen da postu gehiago lortzea», gaineratu zuen Jorajuriak.

Lehen eta bigarren mailetan postuak eskas dituztela baieztatu zuen Jorajuriak. Ildo horretan, albiste ona bada, Senpereko aintziratik gertu eraikitzen ari diren kolegio berriaren irekiera segurtatuta dagoelako.

Alta, Seaskako ordezkariek ohartarazi zutenez, 30 ikasletik goitiko gelak izanen dituzte hainbat ikastetxetan.

«Hori ez da onargarria, elkarrekin finkatu arauen kontrakoa da», deitoratu zuen Seaskako lehendakariak.

Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) bilkura bat antola dezala galdegin zion, ikasturte berrirako postuak lortzeko eta «ikastolen garapena segurtatuko duen hitzarmena negoziatzen hasteko».

Gogora ekarri behar da Seaskak EEP eta Hezkuntza Ministerioarekin duen hitzarmena iazko urtean iraungi zela, eta gaur-gaurkoz hitzarmen berri baterako berririk ez dutela azaldu zuen Peio Jorajuriak.

GUNE BAKOITZEAN ZERBAIT.

Koldo Rodriguez Herri Urratsen koordinatzaileak adierazi zuen maiatzaren 14an Euskal Herri osoko milaka lagun espero dituztela «ikastolen eredua ospatzeko, euskal kulturarekiko atxikimendua erakusteko eta euskarari zor zaion tokia aldarrikatzeko».

Xede horretarako, eskaintza zabala prestatu dute. Araba gunean Haize Arroxa, Tiktara, Neomak, Zetak, Gozategi eta Holako Deluxe taldeek beren onena emanen dute eszenatoki gainean. Nafarroa guneak, berriz, Patxi eta Konpainia, Mister Saguak, Xutik, Delirium Tremens, aurtengo edizioaren kantua egin duen Su Ta Gar eta Fermin Muguruzaren kantuen bertsioak egiten dituen SFM taldeak hartuko ditu.

Gipuzkoa guneak, bere berezitasuna atxikiz, dantza emanaldiak eskainiko ditu eta bukaera Andoni Ollokiegik emanen dio bere kantuekin. Lapurdi gunea otorduetarako leku nagusia izanen da. Bi eremu horietan haurrek jostatzeko parada izanen dute, baita emankizun anitzez gozatzekoa ere egun osoan zehar.