GARA
DONOSTIA

Zubietako erraustegia geldi dezatela eskatu dute

Lasarte-Oriatik abiatu zen mobilizazioa zabor plantaren aurrean amaitu zen eta Zubietako erraustegia gelditzeko eskatu zuen.

Erraustegiaren aurkako martxa, atzo.
Erraustegiaren aurkako martxa, atzo. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Zubietako erraustegirainoko martxa egin zuen atzo Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, 11.00etan Lasarte-Oriatik abiatuta. Zubietako erraustegian amaitu zen protesta Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan-ek babestu zuten.

«Erraustegia, airea, ura eta lurra kutsatzen» lelopean, erraustegia geldi dezatela eskatu zuren, euren hitzetan, oso modu nabarmenean kutsatzen ari delako. «Arduradunek eta propagandistek errealitatea ukatzen duten arren, azken hilabeteetan egia deseroso batzuk azaleratzen joan dira», adierazi zuten.

Ildo horretan, erraustegiak Arkaitzerreka kutsatu duela salatu zuten; froga gisa Herbehereetako ToxicoWatch fundazioak egindako azterketa ekarri zuten gogora. Txosten horren arabera, erraustegiak airea, lurzorua, ura eta landareak dioxinaz eta bestelako gai toxikoz kutsatzen dituelako.

«Gero eta nabarmenagoa da erraustegiak eragindako kutsadura. Horren lekuko da Arkaitzerreka erreka. GHK-k, erraustegiaren jabeak, behin eta berriz ukatu du kutsadura plantatik datorrela. Hala ere, Ekondakin enpresari espedientea ireki dio azkenean. Zergatik? Arkaitzerreka kutsatzeagatik», adierazi zuten.

Hala, azpimarratu zuten GHK-k eta Aldundiak, «ebidentzia ukatuz eta diru publikoarekin propaganda handia eginez, harresi bat eraiki dutela erraustegi kutsagarri baten errealitatea ezkutatzeko».

GELDIRIK

GuraSOS elkarteak, bere aldetik, salatu zuen hamar egun daramatzala erraustegiak geldirik, hondakinak erre gabe. Etengabe matxurak dituela eta planta moderno gisa saldu zena beste zerbait erakusten ari dela esan zuen: «Azken belaunaldiko instalazio modernoa, Ferrari bat, dela saldu dute. Baina matxuratutako auto bat da. Haien gabezia ezkutatu nahi dute, iruzurra».