GARA
GASTEIZ

Jauzi Ekosoziala: «Berriztagarriak era desegokian zabaltzen ari dira»

«Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik!» lelopean larunbatean, maiatzak 20, Gasteizen egingo den manifestazioarekin bat egin du Jauzi Ekosozialak. Energia berriztagarriei buruzko hausnarketa ere plazaratu du, eta modu partekatuan hausnartu behar dela dio.

Haize-errota eolikoak Lekunberri inguruan, artxiko irudi batean.
Haize-errota eolikoak Lekunberri inguruan, artxiko irudi batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

 “Lurraren defentsan, Euskal Herrira bizirik!” lelopean larunbatean Gasteizen egingo den manifestazioarekin bat egiten duela jakinarazi zuen atzo Jauzi Ekosozialak ohar bidez. Martxa 18.00etan abiatuko da San Anton plazatik.

Protesta horretan, nabarmentzen dutenez, «era askotako makro-azpiegiturak salatuko dira», baina Jauzi Ekosoziala berriztagarrien gai zehatzari ekarpena egiten ahalegindu da, «jakinik gai konplexua dela ikuspuntu ekosozialetik».

Lehenik eta behin, energia berriztagarriak Hego Euskal Herrian «era esanguratsuan zabaltzeko saiakera modu desegoki eta inposatzailean» egiten ari direla aditzera ematen du eta horren ondorioz «herri askotan gatazkak eta ezinegona» piztu direla nabarmentzen du.

«Horrek -gaineratzen du- berriztagarrien zabalpena legitimitate sozial gutxirekin egitea ekar dezake, justu aldarrikapen ekologistetan hain zentralak diren energia horien zabalpena ezinbestekoa suertatzen denean, aldaketa klimatikoaren ondorio lazgarrienak arintze aldera».

Baliabide fosiletan oinarritutako energiaren kontsumo globala nabarmen murriztu beharra dagoela dio, baina argi adierazten du berriztagarrien zabalpena ezin dela utzi «merkatu kapitalistaren dinamika suntsigarri eta espekulatzaileen menpe, gertatzen ari den bezala».

Ildo horretan, «kapital handiaren inposizio mugagabearen kontrako erreakzio herritarra logikoa eta osasuntsua da», azaltzen du. Horregatik babesten du Jauzi Ekosozialak Gasteizko mobilizazioa.

Nolanahi ere, «protesta eta tokian tokiko erresistentziaren logika eta dinamikan» erortzeko tentazioaren aurrean, ohartarazten du «krisi klimatiko eta ekosozialaren errealitate gordinak beste dinamika baterako jauzia ematera» behartzen gaituela.

JASANGARRITASUNA

Makroproiektuen «merkatua gelditzeko tenorea» dela adierazten du baina, hein berean, badela garaia «energia berriztagarrien zabalpenaren planifikazioa egiteko, debate herritarraren, demokrazia parte-hartzaile eta deliberatiboaren mekanismoen eta politika publikoen potentzialitate guztiak abian jarriz, era garden, demokratiko eta zintzoan, aitzakiarik gabe eta denbora galdu barik, leku urbanizatu eta degradatuetan energia berriztagarrien azpiegitura txikiekin hasiz (industrialdeetako teilatuetan, lagatako orubeetan...), baina beste dimentsio batzuetako ekipamenduen balizko beharrari uko egin gabe».

Eztabaidak izan beharreko zenbait irizpide zehazten ditu: «Tokiko populazioarekiko begirunea, instalazio berriztagarrien jabego komunitario zein kooperatiboa, ekonomia lokalen garapena, eta inpaktu sozioekologikoak zaintzea».