Udalaren hirigintza politika salatzeko manifestazioa, igandean Donostian

“Donostia ez dago salgai” lelopean mobilizazioa antolatu du Donostia Defendatuz koordinakundeak igande eguerdirako; 12.00etan abiatuko da Easo plazatik. Udalaren hirigintza politiken ondoriotzat duten hiriaren «desegitea» salatuko dute, euren hitzetan, «hiritarraren zaintzatik urruntzen den eta turistengana hurbilduz egiten den hiriaren diseinua». Izan ere, adierazi zutenaren arabera, Udal Gobernuak etengabe erasotzen die Donostiaren «nortasunari, ondare arkitektoniko, natural eta soziokulturalari eta saltoki txikiei».
«Donostiaren kezkak eta defentsak» elkartutako erakunde, auzo-elkarte eta gizarte-mugimenduek osatutako koordinakunde «apartidista» da Donostia Defendatuz, atzo goizean mobilizaziora deitzeko egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez.
Bertaratutakoek gaineratu zuten enpresa handien negoziorako eta turismo masifikaturako hiri-eredu bati jarraituz eraikitzen ari dela: «Bizitzeko eta pertsona guztiak jatorri- edo baldintza-bereizketarik gabe zaintzen dituen hiria izan beharrean». Horren adibide gisa etxebizitza arloaren egoera «tamalgarria» jarri zuten: «Hiri-eredu horren sintoma argigarri bat da etxebizitzarena, milaka donostiarren kanporatzearekin, eta fenomeno horren ondorio da hiriaren zahartzea edota auzokideen sareak ahultzea».
Gipuzkoako hiriburuko udalak interes ekonomiko handiei mesede egiten dien hiri-eredua bultzatzen duela adierazi eta mobilizaziora deitu zuten: «Egungo hiria modu arriskutsu eta atzeraezinean saltzen ari dira, azalera handiko kateei mesede eginez».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
