Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA
Entrevista
Maddalen Iriarte
EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«Jendearen bizitza hobetzeko akordioak bultzatuko ditugu»

Zazpigarren urtea du politika instituzionalean eta paraleloan egin ditu mugimenduak, koalizio abertzalearen lehen lerrotik lehen lerrora: Gasteizko Legebiltzarraren bozeramailetza utzi du orain, eta eskua luzatu, Gipuzkoako Foru Aldundiko makilari heltzeko. Gertu izan dezakeela iragarri dute inkestek.

(Gara)

 

Gasteizko Legebiltzarretik Gipuzkoako Batzar Nagusietara egingo duzu salto. Aldatuko bada, zertan aldatuko da zure egiteko modua?

Erantzun beharko diet, halabeharrez, Gipuzkoak dituen erronkei. Baina, sarri, Gipuzkoak dituen erronkak herri honek dituen erronken pare daude. Beraz, nire egiteko modua mantenduko dut, hau da, lana eginez, ilusio handiz eta, batez ere, herritarrek dituzten beharrei erantzuteko politika eginez. Momentu ezegonkorrak bizi ditugu, eta zaurgarritasuna zabaldu da, pertsona guztiek dituztelako zailtasunak erosketak egitera joaten direnean, edo kredituak ordaintzeko, edo Osakidetzara deitzen dutenean. Ez da sekula gertatu hainbeste pertsonak beraien etorkizuna erabakitzeko helduleku ziurrik ez izatea. Horregatik, nire asmoa politikara ekarri ninduen hori izango da: politika publikoetatik jendeari ziurtasunak ematea.

EAJ eta EH Bilduren arteko lehia estua aurreikusten dute inkestek. Zergatik «berdinketa tekniko» hori?

Gipuzkoarrek, oro har, beren burua ezkertiartzat eta abertzaletzat dute, eta EH Bilduk ondo ordezkatzen du hori. Jendeak ikusi du EH Bilduk Gipuzkoako udalen erdiak gobernatzen dituela eta aurrera urrats handiak egin ditugula horietan, ikusten du hauteskundez hauteskunde gora doan indar politiko bat dela.

Gipuzkoan gobernatu nahi bada, bakarrik ezin da. Bakarrik dago EH Bildu?

EH Bildu akordioetara iritsi da hainbat udaletan, bai Elkarrekin Podemosekin, baita PSErekin ere. Akordioak egin ditugu Eusko Jaurlaritzarekin eta EAJrekin, hor daude Estatus Berriaren Oinarri eta Printzipioen akordioa edo Hezkuntza akordioa. Egin ditugu akordioak Nafarroako Gobernuan eta baita Madrilen ere. Hau da gure politika egiteko modua eta horrela jarraituko dugu, kontu bat oso argi izanda: edukiak lehenetsiko ditugu, jendearen bizitza hobetuko duten akordioak.

Ahaldun nagusi izatera iritsiko bazina, zeri helduko zenioke lehentasunez?

Etorkizuna prestatzeko, antizipazio begirada bat behar dugu; ez gara fin ibili kontu askotan. Klima krisia bazetorrela bagenekien, baina orain tokatuko zaigu trantsizio bat martxan egitea. Demografiari zer ari zitzaion gertatzen bagenekien eta orain tokatuko zaigu beste eraldaketa bat egitea. Badaude aldaketa behar duten arlo batzuk: bat da zaintzarena; beste bat, industria. Horretarako gutako bakoitzak egin behar duen ekarpenak orekatua izan behar du, gehien duenak ekarpen handiagoa egin behar du denen mesedetan.

Erreforma fiskalari EAJk, PSE-EEk eta PPk ezarritako aldaketekin kritiko agertu zineten. Orain, Eider Mendoza (EAJ) eta Jose Ignacio Asensio (PSE) prest agertu dira fiskalitatea progresiboagoa bilakatzeko. Zer espero daiteke gobernukideen aldetik?

Nik sei urte pasatu ditut Legebiltzarrean, eta aurrekontuak negoziatu ditugunetan, behin eta berriro esan dugu premiazkoa dela gai honen inguruko azterketa integral bat egitea, dagokien eragile guztiekin, eta esan digute ez zela posible. Aldiz, posible izan zen PPrekin berrikuntza bat egitea. PPk ikuspegi fiskaletik zer aldarrikatzen duen oso argi dago, eta iruditzen zait urruti dagoela ‘justu eta progresibo’ horretatik. 2019. urterako fiskalitatearen inguruan ebaluazio bat egitea hitzartu zen, baina oraindik ez da egin. Uste dut badela garaia ebaluazio hori egiteko eta etorkizunari begiratzeko.

Trantsizio energetikoa gauzatzeko urgentzia agerikoa da. Baina nola? Statkraft-en Piaspe bezalako proiektuak bultzatuko zenituzke?

Ataka larrian gaude, isuriak gutxitu behar ditugu halabeharrez, eta Gipuzkoa energetikoki oso mendekoa da. Gai honen inguruan ere Euskal Herri osorako plan estrategikoa egin du EH Bilduk eta argi ikusten dugu berriztagarrien alde egin behar dugula eta eredua aldatu behar dugula. Ereduak demokratikoa izan behar du eta jendearentzat mesedegarria. Ez da enpresa bat edo bestea, baizik eredu horri ondoen erantzungo diona. Gaur egun arte oligopolioek jarri dituzte prezioak, egunez egun aldatu eta goratu direnak, eta ez da posible eredu hori errepikatzea.

Nola esku hartuko zenuke etxebizitzaren merkatuan?

2015. urtean Eusko Legebiltzarrak onartutako legean onartzen da etxebizitza eskubide subjektibo bat dela; beraz, herritar orok du etxebizitza bat izateko eskubidea. Hala ere, errealitateak erakusten digu Donostian etxebizitzen prezioa Gipuzkoako gainontzeko herrietako batez bestekoaren bikoitza dela, eta hainbat herritarrek hiria utzi behar dutela ezin direlako bertan bizi. Gainera, batzuek esaten dute kapritxo bat dela Donostian bizitzea. Ez hori bakarrik, Donostiak duen influentzia ere kontuan izan behar dugu, inguruko herrietan ere eragiten baitu, etxebizitzen salmenta prezioetan nahiz alokairuen kostuan. Horregatik adostu dugu Madrilen Etxebizitzaren Legea. Ez du dena konponduko, baina bide emango digu neurriak hartzeko; batez ere, babes ofizialeko etxebizitzen kopurua igotzeko, legeak ezartzen duen bezala, etxebizitzen %40tik gora babes ofizialekoak izan daitezen. Bestalde, saiatuko gara alokairuen prezioa mugatzen eta orekatzen.

EAJk kudeatzaile ekonomiko onaren domina erakusten du paparrean; EH Bilduk, berriz, gizarte gaiena. Hori iruditeria orokortu bat baino ez da, edo badu egiatik?

Kudeatzaile onak ez luke Osakidetza dagoen bezala edukiko. Kudeatzaile onak ez luke AHTaren hainbeste urtetako atzerapena eragingo, ezta horretan hainbeste diru gehigarri xahutuko ere. Kudeatzaile onak proposamen zehatzak izango lituzke aurrez aurre ditugun erronkei erantzunak emateko. Zaintzaren arloan, adibidez. Zeinek jarri ditu mahai gainean zaintza eraldatzeko, duintzeko eta demokratizatzeko proposamen berriak? EH Bilduk: Usurbildik abiatuta, lidergoak konpartituz, sektorearekin lanean eta jendearekin eztabaidan. Gipuzkoako gainerako herrientzat ere oso egokia den eredu bat eraiki dugu Usurbilen, jendea bizi dadin bere ekosisteman, bizi dadin betiko lagunengandik gertu, betiko dendetatik gertu; jendea zaindua sentitu dadin. Kudeatzaile onak zaintzen dituzten pertsonak egoera prekarioan izango lituzke? Ez dut uste.

Zaintza aipatu duzu eta hori izango datozen legegintzaldietako erronka handienetako bat. Egiturazko aldaketak eskatzen ari dira inplikatutako agenteak. Prest egongo zinateke filosofia aldaketa horretan saiatzeko?

Hitza ematen dut zaintza publiko komunitarioaren aldeko apustua egingo dudala, doakotasunerako bidea marraztuz. Zeren zaintza ezin da emakumeen bizkar egon, ezin da emakume migratuen bizkar egon. Era duinean ordaindu behar da eta ardurak ezin dira utzi soilik familien esku. Ez, politika publikoetatik erantzun behar da. Horrek eraldaketa sakon bat eskatuko du, baita gobernantzan ere. Herritarrei egin behar duten bidea erraztu behar diegu, ez dadin izan ginkana bat, jakin behar dute zaintza behar badute zerbitzu publikoetatik erantzungo zaiela; leku honetara, leihatila honetara, etorri behar dutela. Korapilo handiak askatu beharko ditugu eta inbertsio handiak egin. Baina, zer da politika, ez bada herritarrak zaintzea?