Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Lokatzetan dantzan

Hauteskunde kanpaina amaitzear den honetan, eta hausnarketarako abagunea biharkoa izan arren, egun egokia da bi aste hauek emandakoa birpasatzeko. Igandean, herritarrongan gertuen dauden erakundeetako ordezkariak aukeratuko ditugu eta, horregatik, espero liteke alderdi bakoitzak gizartearen kezkak diren gaiak hizpide izatea: proposamenak, proiektuak, promesak… Gainera, ordezkari politikoak ez ezik, herriz herri, milaka dira lan militantearen bitartez, kanpainan lanean aritzen direnak.

Zoritxarrez, eta euskal errealitatea bestelakoa izan zitekeela zirudien arren, Ayuso eta Trump bezalako politikari xelebreen fake news-etan oinarritutako politika ere gurera heldu da. Aurrekanpainatik bazetorren joera, memoriari lotutako webak zirela medio, eta gerora, zerrenden “afera” jarri zuten zentroan. Biktimen erabilera hain zitala egin izan dute zenbaitek ezen, azkenean, zerrendak argitara eman zituztenek ere salatu behar izan duten alderdikeria. Fruitu horri zuku gehiagorik atera ezinik, nonbaitetik sortu da euskal diputatu bat iraintzeko gezurrez jositako bideoa. Egiletza albo batera utzita ere, bideoa erabili duena Andoni Ortuzar izan da, eta gezurra zela aitortu ostean ere, berriz erabili du. Albiste txarra Madrilgo politikagintzaren zikinena gurean errotzea.

Gezurra ez ezik, aipatu bideoak politikariaren zenbait datu pertsonal zabaltzen zituen anonimotasunetik, eta honek ere, badu zertan sakondu. Egia da politikariek izaera publikoa badutela, eta ondorioz, kritikaren helburu bilakatu daitezkeela, are gehiago, hauteskunde kanpaina baten testuinguruan. Alabaina, adierazpen askatasunerako eskubideak mugak izan beharko lituzke ohorerako eskubidea, eta norberaren zein familiaren intimitaterako eskubidearekin talka egiten duenean.

Halakoetan epaitegietara jo izan denean, oso bestelako epaiak izan dira, alde batera edo bestera. Baina zehar kalte bat dago, justiziak epaitu ezin duena, lokatzetan oinarritutako mezu politikoek abstentziorako joera areagotu dezatekela, instituzioen zilegitasunaren kalterako. Hau al da euskal politikaren etorkizuna?