Nerea LAUZIRIKA
GIPUZKOA •LEHIA BIZIA

Tarte estua eta gai potoloak, ezbaian Azpeitian

Ia 30 urtez agintean egon ondoren, 2007an Azpeitiko Alkatetza galdu zuen EAJk. Azken hauteskundeetatik EH Bilduko Nagore Alkorta da alkatea, eta aurtengoetara ere aurkeztu da. 2019ko bozetan 1.500 boto baino gutxiagokoa izan zen EH Bilduren eta EAJren arteko aldea. Udalbatzan ordezkaritza duten bakarrak dira.

Nagore Alkorta alkatea, Soreasu aretoan egindako bigarren asanblada irekian.
Nagore Alkorta alkatea, Soreasu aretoan egindako bigarren asanblada irekian. (Jon URBE | FOKU)

Azpeitiak ia hiru hamarkadaz izan zituen EAJko alkateak, 2007an Eusko Abertzale Ekintza alderdiko Iñaki Errazkinek aginte makila eskuratu zuen arte. Legealdia bukatu orduko, EAJk eta EAko zinegotzietako batek mozio zentsura sartu zuten haren aurka, eta aurretik alkate izandako EAJko Julian Eizmendi itzuli zen agintera. 2011tik, ordea, ezkerreko abertzaleen esku egon da Azpeitiko Udala: Eneko Etxebarria bi legealditan, eta Nagore Alkorta ondoren, herriko alkate izatera iritsi den lehen emakumea dena.

Aurten ere Alkorta aurkeztu du EH Bilduk. Eudeleko lehendakariordea da eta udal idazkari zein administrazio orokorreko teknikari eta giza baliabideen arduradun gisa lan egin izan du. Duela lau urteko programako egitasmoen %93 abian jarri dituztela azaldu zuen zerrendaren aurkezpenean. Alkortaz gain beste lau hautagai errepikatu ditu EH Bilduk, «esperientzia eta freskotasuna» bateratuz.

EAJk, aldiz, ez du alkategai bera izango. Jabier Altuna Larrañaga aurkeztu dute, 2004 eta 2011 bitartean zinegotzi izan zen Azpeitian eta azken bi legealdietan Gipuzkoako Diputazioan batzarkide ibili da. Irakaslea da lanbidez. «Konfiantza» eskatu die Altunak azpeitiarrei, ordainetan bere eta bere taldearen «lana» eskainiz.

PSOEk Manuela Nerea Alustiza eibartarra aurkeztu du hautagai bezala. 2015etik 2019ra Elgoibarko zinegotzia izan zen, eta Lakuako Gobernuko Herri Administrazioetako Hizkuntza Normalizaziorako arduradun izandakoa da 2012 eta 2013 urteen artean. PSOEk emaitza kaskarrak izan ohi ditu Azpeitiko udal hauteskundeetan: 2003tik ez dauka ordezkaririk udalbatzan, azken hauteskundeetan bozka kopurua igo bazuen ere.

2019ko hauteskundeetara aurkeztu ez ziren arren, Elkarrekin Podemosek eta PPk hautagaitza prestatu dute aurten. Jose Carlos Garcia Rodrigo eta Alvaro Farras proposatu dituzte, hurrenez hurren.

CORRUGADOS ETA STATKRAFT

Pandemia ere tarteko, bi gai polemiko izan dira bukatzear den legealdian: Corrugados auzia eta Statkraft enpresaren proiektua. Biei ala biei era berean erantzun zien udal gobernuak, herritarren galdera, zalantza eta abarrei asanblada irekian erantzunez.

2021eko martxoan piztu zen Corrugados auziaren polemika, Arantxa Tapia Lakuako sailburuaren eskutik. Izan ere, zortzi urte lehenago itxitako fabrika berriz irekitzeko asmoa agertu zuen 2020an Cristian Lay Talde Industrialak. Azaldu zuten 200 lanpostu zuzen sortuko zituztela eta zeharkako beste 500, betiere jarduera lehengo toki berean garatuz gero. Udal gobernuak zalantzan jarri zuen proposamenak Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra edota Urola Kostako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Plan Partziala bete zitzakeenik, proiektua aurkeztekotan hura aztertzeko prest agertu baziren ere.

Aldiz, Tapiak berak zein Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua den Jabier Larrañagak bota zuten posible zela Corrugados lehengo toki berean irekitzea, Cristian Lay Taldeak proposamen zehatzik aurkeztu ez bazuen ere. Horrela, erabakia Udal Gobernuaren esku zegoela zabaldu zuten eta Alkorta alkateak uko egin zion baieztapen horri, azalduz ez zela «bidezkoa» udalari eskatzea «legea ez betetzeko».

Zenbait hedabidek Tapiak eta Larrañagak botatakoak zabaldu zituzten, eta Alkortak herritarrei proiektu sendorik ez zela eta egotekotan ez zela bideragarria azaldu zien, asanblada irekian. Halaber, adierazi zuen Diputazioak eta Lakuak Corrugados ireki nahi izanez gero, Europako dirulaguntzekin erraztu zezaketela.

Barealdi laburraren ondoren etorri zen bigarren ekaitza. Statkraft enpresak Azpeitian, Zestoan eta Errezilen parke eoliko bat egiteko proposamena egin zuen, eta udal gobernua horren alde agertu izanak hautsak harrotu zituen.

«Sistema energetikoa gutxi batzuen esku dagoen mundu honetan, lehenengoz, jabetza partekatuaz, energiaren sozializazioaz eta komunitate energetikoaz hizketan ari zaizkigu», adierazi zuen Alkortak beste asanblada ireki batean.

Aurkeztutakoa aurreproiektua baino ez zen arren, kezka sortu zuen. Izan ere, parke eolikoak kalteak sortuko lituzke mendietan, nekazaritzari eta abeltzaintzari eraginez. Alkortak argi utzi zuen, ingurumen arloko araudiak bete ezean ez zutela proiektua abian jarriko.