GARA
MOSKU

Wagner taldeko mertzenarioak atzera egiten hasi dira Bakhmuten

Prighozin eta Wagnerko borrokalariak, Bakhmuten.
Prighozin eta Wagnerko borrokalariak, Bakhmuten. (AFP)

Wagner mertzenario taldea Bakhmut hiritik indarrak atzera egiten hasi da, zenbait hilabetetan gatazka odoltsu honetan lehenengo lerroan borrokatu ondoren. «Atsedena hartu eta aginte berriak jaso arte prestatu behar dugu», adierazi zuen haren buru Jevgeni Prigozhinek.

Gerra baten erdian tropen mugimenduak iragarriz, bere mertzenarioen tokia Armada erregularreko soldaduek hartuko dutela adierazi zuen, ekainaren 1a baino lehen bukatuko den prozesu batean.

Prigozhinek hainbat aldiz ohartarazi zuen Bakhmut utziko zuela munizio faltagatik, Defentsa Ministerioa gogor kritikatuz. Mezuak batez ere Sergei Xoigu ministroari eta Armadako buruei bideratu zizkien. Orain, Bakhmuteko gatazka amaitutzat jo du, Kievek oraindik onartu ez badu ere.

Joan den asteazkenean Wagnerko buruak gaitzetsi zuen Errusiak operazioaren helburuak ez dituela bete, gaur egun Kievek nazioarteko babes eta indar militar handiagoa lortu dituelako. Gainera, Bakhmuten hildakoen kopuruak haizatu zituen, orain arte Moskuk sahiesten zuen gai bat. Bere datuen arabera, Wagnerrek kartzeletan errekrutatutako 50.000 presoetatik 10.000 hil dira, beste 10.000 borrokalari bezala.

Hanna Maliar Ukrainako defentsa ministro ordearen arabera, militarrek hartu dute talde mertzenarioaren tokia Bakhmuteko inguruetan, baina hauek oraindik hiriko erdialdean daude.

Wagner erretiratzen hastearekin batera, Ukrainako agintariek adierazi zuten Bakhmuten truke operazio batean preso hartutako 106 militar ukrainar askatu zituztela.