GARA
GASTEIZ

Irakaskuntza gastua %13,6 handitu da EAEko ikastetxe publikoetan

2.222 milioi eurokoa izan da irakaskuntza publikoetako gastu osoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2020-2021eko ikasturtean.

Basauriko Soloarte eskola publikoa.
Basauriko Soloarte eskola publikoa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan ikasleko irakaskuntza gastua 6.795 eurokoa zen 2020-2021 ikasturtean; alegia, %13,6ko igoera izan zen 2017-2018 ikasturtearekin alderatuz gero, Eustaten datuen arabera. Irakaskuntzako gastuaren zenbateko osoa 2.038 milioi eurokoa da, eta %11,5eko hazkuntza izan du. Horiez gain, jarduera eta zerbitzu osagarriena eta kapitalena ere kontuan hartuta, gastu osoa 2.222 milioikoa izan zen.

Ikastetxe publikoetako gastuaren zati handiena, %96,5, jarduera arruntak ordaintzera bideratzen da, eta gainerako %3,5, inbertsioetara. Bestalde, gastu arrunta (2.145 milioi euro), horrela banatzen da: %95 irakaskuntzara bideratzen da zuzenean, eta kapitulu esanguratsuena pertsonalaren gastuena da (%91,5 dagokio epigrafe horri); %4,2 jantokiko eta eskola garraioko zerbitzu osagarrietara bideratzen da.

Emandako irakaskuntza motaren arabera, unibertsitatearen aurreko erregimen orokorreko irakaskuntza mailak ematen dituzten ikastetxeei gastu osoaren %75,3 dagokie, eta unibertsitateari %19,6. Erregimen bereziko irakaskuntza zentroei (artistikoei), aldiz, gainerako %5,1.

Ikastetxe publikoetan, eskola unitateko irakaskuntza gastuak, Haur Hezkuntzan, 112.570 eurokoak dira, eta Lehen Hezkuntzan, 103.764 eurokoak. Erdi mailako irakaskuntzetan, 152.127 eurokoak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 208.902 Batxilergoan eta 176.307 eta 172.208 erdi eta goi mailako Lanbide Heziketan.

IKASLEKO GASTUAK

Ikasleko irakaskuntza gastuak 7.589 eurokoak dira HHn, eta, LHn, 6.561 eurokoak. Erdi mailako irakaskuntzetan, 8.733 eurokoak dira DBHn, 8.582 Batxilergoan eta 9.791 eta 8.788 erdi eta goi mailako Lanbide Heziketan, hurrenez hurren.

Arte irakaskuntzetan -zeintzuek Hizkuntzak, Musika, Dantza eta Arteak eta Ogibideak hartzen dituzten- gastu horiek 2.181 eurokoak dira ikasleko. Azkenik, unibertsitate irakaskuntzan, ikasleko gastua 8.400 eurokoa da.

Unitateko irakaskuntza gastuak %13,5 hazi dira 2020-2021 ikasturtean, 2017-2018 ikasturtearen aldean, ikasleko irakaskuntza gastuen hazkuntza ia bera, %13,6 egin baitute gora. Ikasleko irakaskuntza gastua nabarmen hazi da Haur Hezkuntzan (%27,3), eta Lehen Hezkuntzan %15,4 hazi da, DBHn %12,4 eta Batxilergoan %2,9; %6,3 jaitsi da, aldiz, erdi mailako Lanbide Heziketan. Goi mailako Lanbide Heziketan ikasleko gastua ere handitu da, %2,4, eta goi mailako ikasketetan, berriz, nahiko egonkor mantentzen da. Arte irakaskuntzetan, ikasleko irakaskuntza gastuak %42,6 egin du gora ikasturte honetan, 2016-2017koarekin alderatuz.

2020-2021 ikasturtean, ikastetxe publikoen sarrera osoa 2.252 milioi eurokoa izan da; %96,3 sarrera arruntari dagokio eta %3,7, kapital sarrerari. Sarrera arruntaren osagai nagusiak dirulaguntza publikoak dira, guztizkoaren %94,1. Iturri pribatuei %5,7 dagokie, nagusiki irakaskuntza kuoten (%2,4) eta jarduera eta zerbitzu osagarrien (%2,6) bidez.