Eli PAGOLA
DONOSTIA
Entrevista
Askoa ibisate
Ondare eta paisaian aditua, geografia fisikoko irakaslea EHUn

«Ibaiak bere dinamika berreskuratuko du eta gu gara egokitu behar dugunak»

Erroten ondoren, XX. mendean, batez ere, energia hidroelektrikoaren sorrerak gorakada izan zuen eta instalazio ugari egokitu ziren ibaietan. Orain, araudi eta ordenantzak tarteko, hainbat dira erabileraz kanpo geratzen ari diren instalazioak, eta zenbait lekutan ibaiak leheneratzeari ekin diote. Askoa Ibisate geografia fisikoko ikerlaria elkarrizketatu dugu.

(Askoa IBISATE)

NAIZ Irratiko “Gelditu Makinak” saioan Askoa Ibisate Gonzalez de Matauco elkarrizketatu dute. Ibaien lehengoratzeaz hitz egin dute, gaurkotasun beteko gaia, batez ere aurreko asteburuan Bera kolpatu zuten uholdeen ondotik.

Zein ezaugarri dituzte ibaien ibilgu naturalek?

Ibaiek funtzionamendu egoki bat izateko, berez, eduki behar dutena ura, sedimentuak eta esparrua dira. Horrek ahalbidetzen du arrainak, beste organismo batzuk eta ibarretako landaredia egoki bizitzea.

Ibaiari ordez, ibai arroari begiratu behar zaio.

Bai, funtsezkoa da hori. Beti ikusi behar dugu ibai arroa ibaitik gora bere ibilguan eta ibaitik beherako ibilguan.

Zer faktorek eragin dezakete ibaiaren morfologia aldatzea?

Alde batetik, ibilguan bertan eragin ditzakegun aldaketak ditugu, alboko defentsak. Ibaiaren ertzak aldatzen ditugu eta ibaiak mugitzeko daukan gaitasuna mugatzen dugu. Bestetik, ibai lautadan ezartzen ditugun jarduerak daude. Ibaiek sortutako eremuak dira ibai edo uholde lautadak. Goraldiak daudenean, ibaia bertan zabaltzen da, dakarren energia gutxitzeko, baita ur bolumena eta haren fluxuaren energia ere. Esparru hori mugatzen badugu, ibaiak ezin du energia disipazioa egin, eta ur hori beherantz bidaliko du, uholde arriskua areagotuz. Gainera, ura uholde lautadetan sartzen denean, akuiferoetara filtratu daiteke; beraz, prozesu hori ere mugatzen da. Horrez gain, arroan eragiten ditugun aldaketak daude, lur erabileren aldaketak. Artifizializatuz ere mugatu egiten da filtratutako ura, eta horrek gainazaleko isurketak handitzen ditu. Ibaiek egoki funtzionatzeko funtsezkoak diren sedimentuen fluxua ere mugatzen dugu. Urtegietan ura beste erabilpen batzuetarako biltzen da, beraz, gutxitu egiten da ur-beheretara egongo den ur kantitatea, eta horrek ondorioak ekar ditzake ebakidura prozesuetan eta maila freatikoen beherakadan.

Euskal Herriko bi isurialdeetan badago alde nabarmenik?

Ipar isurialdeko bailarak askoz estuagoak dira; uholde lautadak oso eskasak dira bailara morfologiagatik eta, gainera, ia denak okupatuta daude, izan industriarekin, izan etxebizitzekin. Orduan, ematen oso zailak dira goraldiak, eta, okupatuta daudenez, babestu egin behar dira. Horrez gain, ibai horiek energia asko daukate, oso distantzia motzean desnibel handia dutelako; eta, prezipitazio ugariagoak izanda, prozesu horiek askoz ere bortitzagoak izaten dira. Aldiz, hego isurialdekoak energia gutxiago dute, albo-mugikortasunerako aukera gehiago dute, ibai lautada handiagoak dituzte, eta ez dago horrenbesteko okupaziorik; baina nekazaritzaren presio handia dago.

Presa ugari eraiki dira. Zer eragin dute ibaietan?

Gure sistema zirkulatoriora eramaten badugu, presa bat tronbo baten parekoa da. Guztiz eteten dugu ibaiaren jarraitutasuna; ondorioz, urak eta sedimentuek ezin dute normal aurrera egin. Horren ondorio larrietako bat da ibai batek ez duenean hainbeste ur eta sedimentu, bere ibilgua estutu egiten dela eta, energiarik ez duenez erabili behar sedimentuen garraioan, ebakidura egiten duela. Gero eta sakonago daude ibaiak. Esaterako, Gipuzkoako ibaietan oso nabarmena da presetatik behera dagoen ebakidura intzisioa eta, horren eraginez, ibar-basoak ahuldu eta, batzuetan, hil egiten dira. Azpiegituretan ere badaude arazoak. Ur-goretara gertatzen dena da, berriz, ura eta sedimentuak pilatuta geratzen direla eta ibaiak ez duela ibai funtzionamendua, baizik eta laku batena. Horrek habitatak guztiz aldatzen ditu. Bestalde, pixka bat handitu egiten da uraren laminaren altuera. Horrez gain, arrainentzat oztopo oso handiak dira beren mugimenduetan, bai behetik gorakoetan eta baita goitik beherakoetan ere.

Goitik behera ere bai? Nola?

Batzuetan presetan dituzten saltoak oso handiak dira eta beti ezin dituzte gainditu. Behetik gorako oztopoak ikertu izan dira eta gauzak hobera doaz. Aldiz, ur-goretatik beherakoetarako zailtasunak apenas ikertu dira.

Zein neurri daude ibaiak leheneratzeko?

2000n onartu zen uraren arteztarauan aipatzen zen Europako ur masek kalitate onean egon behar zutela. Diagnostiko batzuk egin behar ziren eta, bete ezean, eremuak leheneratu behar ziren. Horrez gain, Europako Batasuna Naturaren Errestaurazioaren Legearen tramitazioarekin dabil, eta han esaten da 2030erako 25.000 kilometro aske egon behar dutela Europan. Horrek esan nahi du ez duela oztoporik egon behar eta urek, sedimentuek eta izaki bizidunek dagokien funtzionamendua izan behar dutela. Hori dela eta, gehien aplikatu izan den leheneratze neurria izan da presen eraistea. Saiatu behar genuke ibaiaren esparrua berreskuratzen eta funtzionamendua hobetzen, uholde lautada horiek ere ibai gisa ulertu behar baititugu. Bestalde, eta niretzat funtsezkoa da ez okupatzea orain era naturalean ditugun uholde lautadak.

Ibaiak leheneratzeko zein irizpide jarraitu ohi dira?

Uraren arteztarauak eskatzen du ibaien karakterizazio eta diagnostiko bat egiteko, hainbat elementutan oinarrituta. Alde batetik, elementu fisiko-kimikoak daude, batez ere uraren kalitateari dagozkienak; bestetik, elementu biologikoak; eta, hirugarrenik, elementu hidromorfologikoak, hor daude ur emariak, ibaiaren morfologia eta, nahiz eta elementu biologiko bat izan, ibar-basoen landaredia. Horren balorazio bidez ikusten da ibaia nola dagoen. Gero, uraren kudeaketaren arduradunek neurriak proposatu behar dituzte, ondoren planetan onartzen direnak.

Nola egiten da neurri zuzentzaileen jarraipena?

Aztergai den arloaren arabera. Esaterako, arrainekin begiratzen da ea espezieak berreskuratu diren leheneratze lanaren ondoren. Isurialde atlantikoan aztertzen den espezie bat izokina da. Ugaltzeko ibaian gora egin behar du, baina, oztopoz beteta daudenez, askotan ez du lortzen. Arrain-eskalak ere badaude, baina ez dira guztiz eraginkorrak. Oztopo bat kendu ondoren, arrantza elektrikoa egiten da, ikusteko zein espezie, kopuru eta adineko arrainak dauden.

Geomorfologiari dagokionez, begiratzen dena da ea nola egokitzen den ibilgua egoera berrira. Oinarri mailatzat presa hartzen da eta hortik ur-goretara aldapa leundu egiten da. Presa botaz gero, aldapa handitu egiten da, beraz, horrek eragiten duena da ur-goretara higadura prozesuak areagotzea eta, ur-beheretara, sedimentuen garraioa eta mugikortasun naturala. Sedimentu horiek pilatu egingo dira, baina goraldiz goraldi mugitzen jarraituko dute, naturala den bezala. Ulertu behar da ibaiak bere dinamika berreskuratuko duela. Guk egokitu behar dugu, ez alderantziz.

Sedimentu mugimendu horrek zenbat denbora behar izaten du egonkortzeko?

Mugimendu gehienak presa bota eta segituan ematen dira. Ur-lamina ere azkar jaisten da, eta horrek uholde arriskua arintzen du, zeren ura baxuago dago. Ondoren, metatutako sedimentuen artean ibilgua ezartzen da eta bere ebakidura naturala hasten da. Askotan, lehen metatutako sedimentuak ez dira berehala mugitzen, izan ere, ibaia behera doan heinean, zailagoa du alboko sedimentuak higatzea. Hori bai, ur-beheretara ez da sedimentu arazorik izaten. Uste izaten da lehengo egoerara bueltatuko dela guztiz eta, ikusi dugunaren arabera, guztiz-guztiz ez da bueltatzen.

Ikerketa eta jarraipen askotan parte hartu izan duzu. Zer nabarmenduko zenuke?

Gipuzkoan horrelako jarraipenak egiten hasi ginenean, esaterako, Leitzaran ibaiko Inturiako presa (12,5 metroko presa, handia) guztiz sedimentuz betea zegoen. Hasiera batean, kezka zegoen horrenbesteko sedimentu kantitatea izanda, hori bat-batean mugitzean zer ondorio izan zitezkeen. Presa faseka botatzea planteatu zen, eta ikusi genuen ez zirela sedimentu asko mugitu, ebakidura gertatu zelako eta uholde lautada bat geratu dela eta, inguruan landaretza berehala hazten denez, finkatu egin dituelako eremu horiek. Batzuetan ez dira sedimentu guztiak mugitzen eta ez da arriskurik sortzen.

Egitura horiek ondarea ere badira.

Horrelako lanak aurrera eramaten direnean, arduradunak kulturako teknikariekin kontaktuan jartzen dira. Ondare kalifikazioaren arabera, lehentasunak egon daitezke batzuen eta besteen partetik. Hemen egiten dena da, behintzat, presen alboko zati batzuk mantentzea, hor egon daitezen etorkizuneko testigu gisa. Baina kontuan izan behar da, ibaien naturaltasuna ere ondare bat den heinean, berreskuratu egin behar dela berezko bere funtzionamendua, ahalik eta egokiena izan dadin.

Ur emarien bilakaerak kezkatzen al zaitu?

Ibaiek gero eta kutsu mediterranearragoa izango dute; ur gutxiago, goraldi bortitzagoak, bariabilitate handiagoa…
Leheneratzea, beraz, ez da lehengora itzultzea izango.

Izan dezakegu XX. edo XIX. mendeko irudi bat, baina arroak aldatu egin dira, ez dute berdin funtzionatzen, eta xedea ez da ordukora bueltatzea. Leheneratzea da ahalik eta presio eta artifizializazio gehien gutxitzea, saiatzea ibaiek natural funtziona dezaten eta horra egokitzea.