IKER GURRUTXAGA
Entrevista
JON SALINAS ETA MARTIN ZIRIZA
Tatxers taldeko baxu- eta gitarra-jotzaileak.

«Indartsuago dator hurrengo urtea Iruñean; abisua emanda geratzen da»

Tatxers taldeak disko homonimoa atera du. Ez dakigu bataioa ote den edo ez, baina talde batek diskoari bere izena ematen dionean adierazgarria izaten da. Hiruko formatuan aritzen dira eta, Iñigo Soria gurekin izan ez den arren, Jon Salinas eta Martin Zirizarekin aritu gara solasean. Donostiako Dokan izango dira ekainaren 3an lan berria aurkezten.

(Iñigo URIZ | FOKU)

Bataioarena barkatuko didazue.

Martin Ziriza: Bueno, bai, badu zentzu hori ere.

Hori esan dut taldea finkatzen duen diskoa izan ohi delako homonimoa.

Jon Salinas: Beste izenburu asko izan genituen buruan, baina homonimoa izan zen uneko Tatxers hori zelako.

M.Z.: Nahi dugun hori egin dugu.

Euskara nola nahasten duzuen bitxia iruditu zait, nondik dator hori guztia?

J.S.: Nik idatzi ditut letretako batzuk eta kontua da sei urte daramatzadala Iruñean. Euskaraz ez nuen ia hitzik egiten Iruñean eta Bilbon gehiago hitz egiten dut; hortaz, nahaste hori dut. Zergatik ez horrela egin?

M.Z.: Aprobetxatu behar da hori ere!

«Gu ez gara nostalgiatik bizi» titularra irakurri nuen eta pentsatzen dut kokoteraino izango zaretela 80ko urteetako euskal musikarekin lotzen zaituztelako. Nolakoa izaten da zuen sorkuntza lana eta egun zer entzuten duzue?

M.Z.: Zarama, Itoiz, Hertzainak eta hauek asko entzun ditugu eta hor dago gure musikan, batez ere maketa garaian. Baina gure iturriak asko zabaldu dira musika gehiago entzuten joan garen heinean. Ez gara 80etako euskal musika horretaz bizi eta ez dugu horretaz bizi nahi. Ez dugu izan nahi hamarkada hori berritzen duen talde bat, ez eta inoren salbatzaile ere. Guk gurea egiten dugu.

J.S.: Esango nuke, gainera, 90etako musika gehiago entzun dugula. Guk gaur egungo musika asko entzuten dugu, eta kotxean goazenean-eta bestelako musikak ere entzuten ditugu.

M.Z.: Royal Headache da, adibidez, egun dexente entzuten dugun musika eta ez dena garai hartakoa.

J.S.: RMFC eta Vantasia ere bai… denak australiarrak dira, esaterako.

M.Z.: Nik duela gutxi ezagutu nuen Pale Saints taldea eta guk egiten duguna bada hortik gertu dagoena, nahiz eta auskalo noizkoa den. Diskografia laburra dute, eta entzun dezatela gure musika gustuko dutenek.

Nostalgiak ez zaituztela bizi diozue, baina «Rugrats» telesaileko doinuak sartu dituzue «Nik nahi dudana II» abestian. Bidenabar, abestiak Oki Moki taldearen azken laneko soinuaren kutsu bat ere baduela iruditu zait.

M.Z.: Ez dut sekula ikusi.

J.S.: Nik txikitan ikusten nuen eta nostalgia ona da hau, haien pelikulak nituen etxean. Polita da jendeak erreferentzia ezagutzen duela ikustea! Gero, Oki Mokirena diozunean, oso fan garela esan behar. Disko berriak deskolokatuta harrapatu ninduen, baina asko gustatu zait.

M.Z.:

‘‘Working class pop’’ entzun nuenean auskalo zenbat buelta eman dizkiodan gerora. Hemengo gure erreferentzia garbienetakoa da; bikain eginda dute guztia. Gure ‘‘Audio luze bat’’ kantuan, gainera, badu Oki Mokik antzeko rollo bat.

J.S.: Ez da oso bilatua den zerbait, baina bai.

M.Z.: Talde pila batek egin du egiten duguna, melodia eta harmoniaren jolas mota hau, eta ez gara ez lehenak ez azkenak izango, baina bada gurea.

J.S.: Gainera, bizioa dugu estribilloa behin soilik entzun eta bukaera epikoak bilatzekoa.

M.Z.: Edo errepikak ahotsik ez duen atal bat izatea.

Erritmikekin eta minor eta maiorren arteko jolas asko dago. Holako kantu bat nola konposatzen duzue?

M.Z.: Minorretik maiorrerako aldaketan badago zubi bat eta erritmoa ere aldatzen da; hortaz, aldaketa ez da hain gogorra. Jonek ekarri zuen melodia bat entseatze gelara eta hortik joan zen garatzen.

J.S.: Ez dakigu gehiegi gauza hauetaz; belarrira zerk ematen duen ondo neurtu eta aurrera.

Zuen sorkuntzak, hortaz, lokaletik asko du, ezta?

J.S.: Bai, musika asko entzun eta etxean ere lana egiten dugu eta elkarrekin audio luzeak elkarbanatzen ditugu.

M.Z.: Geroz eta gehiago maite dut lokalean lan egitea, etxean baina emaitza hobeak lortzen direla uste dudalako. Bestela ni, esaterako, gitarran zentratzen naiz, batez ere.

Bada kantu bat, «Iruñea», oso Donostiako soinuak dituena. Esan al dizuete dagoeneko La Oreja de Van Goghen kantu baten antza duela estrofan?

M.Z.: Esan zigutenean harrituta geratu ginen, oso urrun zegoelako.

J.S.: Lagunak esan zigunean esan nion ea zertaz ari zen, eta gero kantua entzunda, kantu puska da e? Bitxia da guztia.

Iruñea nola ikusten duzue?

M.Z.: Aurten lagun talde oso polita egin dugu hemen. Iruñera etorri naiz Gasteiztik eta aldatuta dago dena. Aste barruan beldurrez nintzen ea hiria nola ote zegoen eta musikalki oso ondo dago, eta hurrengo urtea askoz ere indartsuago dator; abisua emanda geratzen da.

J.S.: Lehen Bilbotik etortzen nintzenean nagia ematen zidan, baina orain asko gustatzen zait. Jendea gogotsu dago gauzak egiteko, eta hori oso polita da.

Baxuaren lineak garrantzia duen abestia da «Zilarrezko hegalak».

J.S.: Ahal dudanetan jolasteko aukera izaten dut eta aprobetxatzen ditut horiek.

Baduzu inspirazio iturria den baten bat?

J.S.: The Jam taldeko baxu-jotzailearen lineekin asko flipatzen dut; izugarri gustatzen zait. Whipers taldea ere asko entzun dut. Ez dira linea oso zailak erritmo aldetik baina, gitarrarekin bat ez doazen melodiak direnez, politak dira.

«Red Sun Rise» kantuaren lehen konpasetan The Cure taldearen «Boys don't cry» ikusten dut.

J.S.: Ez dago nahita eginda, baina sortu orduko etorri zitzaigun burura. Eta bukaerako soloan The Cure taldearen ‘‘Friends in love’’ kantuaren riff oso antzeko bat egiten du Martinek. Oso kuriosoa da.

Hemen aipatzen duzue Thatcher anderea.

J.S.: Abestia izatez The Pioneers taldearen bertsio bat da. Reggae taldea da izatez. Gutaz hitz egiten du abestiak, amodio erlazio moduko bat da.

Taldearen izena nola bururatu zitzaizuen?

J.S.: Bada Lendakaris Muertos, Dead Kennedy’s eta halakoak irakurrita eta gure erreferentziak oso britainiarrak izan direnez, Tatxers jartzea erabaki genuen.

«Labanak» kantua aipatuz, traizioa ekidin daiteke?

M.Z.: Gauzei aurre ongi nola egin, horretaz hitz egiten du kantuak; labanak nola apurtu alegia; hori da esan nahi dudana. Traizioa ekidin ekidin daiteke, gauzak hitz eginez eta erlazio sanoak eraikiz.

Musikalki The Clash entzuten da hemen, «London calling» abestuz eta guzti.

M.Z.: Ez da bilatua izan, nota lehorrak eta baxuaren presentzia handia, EPan ‘‘Ederregia’’ kantuarekin gertatzen zen moduan.

J.S.: Gainera, abesti hau egin genuenean, errepikak ‘‘Death of glory’’ kantuaren antza duela ikusi genuen; hori ere, The Clashena.

Surf ukitua duen eta benetan dantzagarria den kantua da «Paperezko tigrea» ere, baina mezua ezkorra iruditu zait. Mundua aldatzearen aldeko aldarria egiten duzue edota etsita zaudete?

J.S.: Ez bata ez bestea. Ez dugu soluziorik halako zerbaiten inguruan. Letra Martinena da, abesten duenak idazten duelako kantua. Bada Martinek Gasteizko bizitzari agur esan zion eta Iruñera itzultzean izandako aldaketen inguruan dago idatzita. Horregatik du ukitu triste hori ere. Dena dela, ez dela errenditzen argi uzten du.

«Hiruzpalau amets larri» atera zenutenean, gogaitu omen zineten jasotzen zenituzten dei guztiekin. Nola dago orain zuen telefonoa?

J.S.: Galdera oso ona da. Sekulako ilusioa genuen, baina bat-batean mugikorrean bizitzera pasa ginen, dei eta mezu artean galduta. Erabakia hartu dugu dena guk kudeatzekoa. Bada laguntzen gaituen jendea, baina geroz eta hobeto daramagu guztia. Kontua da elkarrekin gutxi egoten garela, eta mugikorrean ordu gehiegi eman izan ditugu. Ez gara iristen batzuetan eta barkatu baina ez dugu ito nahi.

Uda honetan kartel potentea duzue.

J.S: Bai, oso eskertuta gaude guztiarekin. Bilbon izan ostean, Dokan arituko gara larunbatean, ekainak 3, Hiuzz taldearekin. Data asko ditugu eta, horien artean Valentzian ere badugu kontzertu berezi bat, talde izugarriekin partekatuko baitugu oholtza.