GARA
BILBO

25 urteren ostean, aske dago Iñaki Bilbao Gaubeka

1998. urtetik espetxean zegoen Iñaki Bilbao Gaubeka urduliztarrarentzat amaitu da epaitegiek ezarritako zigorra. Duela bost urtetik behar zuen aske.

Elkartasun ekimena Basaurin, 2017an.
Elkartasun ekimena Basaurin, 2017an. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Basauriko espetxetik aske atera zen atzo goizean Iñaki Bilbao Gaubeka Urdulizeko presoa. Hala, 25 urteko kartzelaldiari amaiera jarri ahal izan zion. Zigorraren azken egunera arte iraun du kartzelaldiak. Izan ere, Lakuako Gobernuak, espetxearen proposamena betez, hirugarren gradua onartu zion iaz, baina Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen hortik gutxira, Gorka Martinez Ahedorekin -hau ere urduliztarra- egin zuten bezalaxe.

Etxeratek jakinarazi zuen albistea. 1998. urteko ekainean atxilotu eta kartzelatu zuten Iñaki Bilbao Gaubeka, ETAko «Bizkaia komandoko» kide izatearen akusaziopean, Gernikan, Ertzaintzak Ina Zeberio tiroz hil zuen sarekada berean. Iñaki Bilbaok zaurituta atera zen ihes egiteko saiakeran.

BALDINTZAPEKO ASKATASUNEAN BEHAR ZUKEEN

Espetxe ezberdinetatik igaro da 25 urtetan zehar Bilbao. Madrilgo espetxeetan egon da bereziki mende laurden honetan; gero, Zaragozako Zueran, eta, azken garai honetan, Basaurin, azkenik, Euskal Herriratua izan ostean.

Etxeratek lehenago ere salatu zuenez, 2017. urtean gainditu zuen jada baldintzapeko askatasuna eskuratzeko zigorraren zatia. Baina azaldu dute eskubide hori ez diotela inoiz onartu.

ELKARTASUN EKIMENAK

Hilabete hasieran Donostiako prentsaurreko jendetsuarekin hasi zuen hilabetea Sarek, eta joan den astean azken ostirala antolatu zuten. Tartean, herriz herri, elkartasun mobilizazioak egin dira. Guztiak aldarri berarekin: euskal presoen eskubideak errespetatuko lituzkeen espetxe jarduna eragozten duen salbuespenezko politika bertan behera uztea.

Adierazi zuten baldintzapeko- edo erdi-askatasunerako eskubideaz ari direla: «Salbuespenezko auzitegia den Auzitegi Nazionalak Euskal Herriko elkarbizitzaren eraikuntza geldiarazten duen lobbyari kasu egiten jarraitzen duelako, euskal gizartearen gehiengo zabalaren borondateari bizkarra emanez. Ezin dugu onartu egoera hori xantaia gisa erabiltzea».