Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Beldur-damua

Hogei urte kostatu zaio baina, azkenean, dirudienez, erori da zaldi gainetik David Miliband, Gordon Brownen eta Tony Blairren ministro ohia: «damurik sakonena» eragiten omen dio bere garaian Irakeko gerra (ez ote litzateke hemen ere «inbasioa», «erasoa» esan behar?) ontzat eman eta xaxatu izanak. Denbora gehiago behar izan zuen Robert McNamarak Vietnameko gerrari buruz antzeko zerbait esateko; eta, horregatik, ezin izan zuen hura aditu David eta Ed-en aitak, gerra haren aurkari sutsua izandako Ralph-ek, Marxen alboko hobitik.

Damu horren sakontasuna neurtzeko, haatik, komeniko da inguruabarrak ere kontuan izatea. “Hay Festival”-aren testuinguruan egin bide baitu Miliband zaharrenak aitorpena, eta horrek, ezer ezetsi gabe, ñabardura esanguratsua ezartzen dio. Batik bat, egungo Ukrainako gerraren aurrean jarrerak arrazoitzerakoan egin duelako: onartzen du Milibandek oso zaila dela errusiar erasoaren arbuioari sinesgarritasuna ematea, Irakekoa bezalakoak ontzat eman ez ezik bultzatzetik zatozenean. Damu da ordukoaz, oraingoa sinetsarazteko traba latza egiten diolako. Memoria apur bat dugunon artean, behintzat.

Agian horregatik, ez dakigu damu horren baitan bilbatzen ote diren, baita ere, garai haietako beste hainbat larderia. Demagun, duela 20 hilabete, beste 20 urteren ondoren, hain modu patetikoan Kabulen amaitu zen inbasio hura. Izan ere, horrelako aitorpenak eginarazteko pizgailu ezinbestekoa izaten da, nik uste, eraso-inbasioak porrot politiko-militar nabaria jasan izana...

Beraz, aspaldi-aspaldikoa den (eta batzuok aspaldi samarretik aditzera dugun) bidegurutzearen aurrean egongo ginateke: ea bihotz-damua den David Milibandena ala beldur-damu arruntaren aurrean ote gauden. Bere hezieragatik, agian, arrotza egingo litzaioke berari gogoeta, baina ulertuko luke, esplikatuz gero.

Bizkitartean, guk, betikoa izan behar kontuan: zaldi gainetik erortzen diren hauek, oinezko arrunton gainera jausi eta kolpea samurtzeko joera izaten dute...