EDITORIALA

Oinarri-oinarrizko gauzez ari gara

Orioko Lourdes Del Hoyoren heriotzaren ostean, bi asteko epean Euskal Herrian jazo den bigarren hilketa matxista izan da Maialen Mazonena. Igandea igarota, bere bikotekide ohiak nola hil zuen ezagutu zenean, aurrekariak jakitera eman zirenean -besteak beste, emakumea Valentziatik ihesi etorri zela, hiltzaileak urruntze agindua zeukala, Ertzaintzak bazekiela Jaime Rocak agindu hori apurtu zuela, kasuaren larritasuna ez zela behar bezala neurtu, alaba bertan zegoela-, euskal erakundeei gertatu zenaren nondik norakoak azaltzeko eskatu zitzaien. Agerikoa zen zerbaitek kale egin zuela.

Lehenik eta behin, Lakuako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak eman zituen azalpenak. Bere lehentasuna euskal erakundeek -batez ere, Ertzaintzak- zuzen jokatu zutela erakustea izan zen. Helburu horrekin, akats nabarmenak egin zituen. Hasteko, hiltzaileak urruntze agindua hautsi zuela jakin arren Ertzaintzak zergatik ez zuen salaketa aurrera eraman galdetu ziotenean, emakumearen «baimenarekin» gertatu zela esan zuen Erkorekak. Clara Campoamor elkarteak azaldu duenez, halako aginduak hausteak delitu izaten jarraitzen du, baimendua izan ala ez. Erabaki ulertezin horretan, Erkorekak, «harreman afektiboen» konplexutasuna aipatuz, biktimaren gain jarri zuen ardura. Ez da generoan edo feminismoan formakuntza berezirik behar hori ezin dela egin jakiteko. Heriotza matxista baten erruduna egilea da eta, gehienez ere, ardurak sisteman bilatu behar dira. Erakundeek heriotza bakoitzaren aurrean protokoloetan zerk egin duen kale aztertu behar dute. Oso oinarrizko gauza da. Iñigo Urkullu lehendakariak, ordea, ez du horrela ikusten, eta atzo sailburua defendatu eta haren azalpenak babestu zituen.

Mazonen familiak errespetua eskatu zuen atzo. Babestu dituztenei eskerrak emateaz gain, arduradun bakarra hiltzailea dela nabarmendu zuen eta Maialenen alaba babesteko komunikabideei sentsazionalismoa baztertzeko eskatu zien. Familiaren eginkizuna hori den bezala, erakundeena azalpenak ematea eta ardurak argitzea da. Berriro gerta ez dadin; etengabe gerta ez dadin; posible den guztietan gerta ez dadin.