Euskara normalizatzeko bideak, ibilbide ezberdinekoen ahotAN
Errealitate linguistiko oso desberdinetako gazteak Bilbon batu ziren atzo, euskarak bakoitzaren inguruan bizi duen egoeraz eta hizkuntzarekin duten harremanaz aritzeko, normalizaziorako bidea marraztuz. «Euskaraz egiteagatik estralurtar ez sentitzea ondo legoke» entzun zen Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako jardunaldien lehen saioan.

Amets Aranguren Kontseiluko proiektu-buruak gidatuta, mahai-ingurua egin zuten Asier Urkizak, Cristina Osesek, Odei Barrosok, Carlos Martinezek eta Laura Rek. Euskalgintzaren Kontseiluak “Zer behar dute gazteek? Euskaratik ditugun erronkak aletzen” jardunaldiak antolatu ditu Bilbon, gazteen eta euskararen inguruan. Atzo izan zuen lehen eguna eta gaur bukatuko da.
Bilbotarra da Urkiza. DBHko euskara irakaslea da eta literatur kritikari aritzen da “Berria”-n. Gurasoak erdaldunak ditu eta eskola publikoan ikasle zela ikasi zuen euskara. Inoiz aldapa gora egin bazaio ere, lortu du euskaraz bizi ahal izateko ekosistema sortzea.
Oses nafarra da, Azkoiengoa, eta Iruñean bizi da. Ez da euskalduna eta «zonifikazioaren alaba» gisa definitzen du bere burua. Soziologia Aplikatuan graduatua da eta Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokian lan egiten du.
Barroso Urruñakoa da, orain Baionan bizi bada ere, eta rapero eta bertsolaria da. Ama euskalduna eta aita erdalduna zituelarik, batez ere gazteleraz egiten zuten etxean, baina ikastolara eraman zuten gurasoek. Euskara zerbaiten parte izatearekin lotzen du.
Beste nafar bat ere izan zen mahai-inguruan, Murchantekoa baita Martinez. Egun, Iruñean begirale lanean ari da. Osesek bezala, berak ere ez zuen aukerarik izan euskaraz hazteko eta militatzen hasi zenean ikasteko beharra sentitu zuen, 20 urterekin.
Re Lorcakoa da, baina Oiartzunen bizi da gaur egun eta komunikazio arloan lan egiten du. Bere proiektu pertsonala autonomiaz garatu ahal izateko euskara ezinbestekoa izan dela azaldu zuen.
Errealitate linguistiko oso desberdinetako gazteak dira eta nork bere ikuspuntutik aztertu zuen euskararen normalizazioa. Osesek argi dauka Nafarroako Erriberan erdaldunek euskaraz aritzea iraintzat ez hartzea litzatekeela normalizazioa.
ERAIKITAKO MUNSTROA
«Eraikitako beldur moduko bat dago, normalizazioa eragozten duena», azaldu zuen. Azpimarratu zuen, halaber, eskola publikoak baino ez duela lortuko hori, gurasoen hautua edozein dela ere haurrak euskalduntzea ahalbidetuko duen tresna baita. Bere iritziz, errealitate bakoitzari egokitutako estrategiak dira benetan eraginkorrak, ez orokorrak.
Ipar Euskal Herrian arazoa antzekoa bada ere, konponbidea bestelakoa dela deritzo Barrosok. «Badaude eskola elebidunak, baina Ikastola gizartea euskalduntzeko nahikoa ez bada, are gutxiago eskola elebidunak», esan zuen. Osesek azaldutakoarekin identifikatuta sentitu zen, hala ere: «Ezin naiz Baionan paristar bat baino arrotzagoa izan».
Martinez bat dator eskola publikoa indartu beharra dagoela Nafarroako Erriberan eta ez dela horretarako behar beste lan egiten. Era berean, bere iritziz, inguruan euskaldunak izateak norbanakoek hizkuntzarekiko duten jarrera eraldatzeko gaitasuna du.
Cristina Osesek, Odei Barrosok eta Carlos Martinezek botatakoekin bat egin zuen Asier Urkizak: «Euskaraz egiteagatik estralurtar ez sentitzea ondo legoke».
Osesen ustez, zenbait tokitan euskararen aldeko edozein ekintzak aurkako erreakzioak piztu ditzake, eraikitako «munstroen» ondorioz.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
