GARA
DONOSTIA

Hik Hasik 30 ikastaro prestatu ditu uda honetarako

Hik Hasik Udako Topaketa Pedagogikoak aurkeztu ditu Donostian. Aurtengo berrikuntza ikastaroez gain mintegi ireki bat ere egingo dutela da, ikerketari leku egingo diona.

Hik Hasiko udako ikastaroen aurkezpena, Donostian. Uztailaren 3tik 5era egingo dira aurten.
Hik Hasiko udako ikastaroen aurkezpena, Donostian. Uztailaren 3tik 5era egingo dira aurten. (Maialen ANDRES | FOKU)

30 ikastaro eta mintegi bat antolatu ditu Hik Hasik Udako Topaketa Pedagogikoetarako. Uztailaren 3, 4 eta 5ean izango dira Donostiako EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean.

Beñat Amenabar EHUko fakultate horretako dekanoak atzo azaldu zuenez, ekimen hau Hik Hasiren eta EHUren arteko elkarlanaren fruitua da, eta lankidetza hori, gainera, pauso bat harago doa aurten ikerketa bat bultzatuko baitute, mintegi ireki batekin hasiko dena.

Esti Amenabarro irakasle eta ikerlariak gidatuko du mintegia, Nere Amenabarrekin batera. Azken honek azaldu zuen horren funtsa zein den: «Hik Hasi eta EHU DBHko irakasleen arteko harremanei eta haien izaera pedagogikoari buruzko ikerketa bat egiten ari gara. Irakasleen arteko harremanek arlo pedagogikoan duten eragina aztertzea da helburua eta, ondotik, harremanak eta jarduera pedagogikoa hobetzeko proposamenak egitea. Bigarren Hezkuntzako irakasleek eguneroko jarduna burutzeko unean harremanen gainean dituzten kezkak, dilemak, zailtasunak, pozak eta ametsak jaso nahi izan dira ikerketan. Irakasleen artean sortzen diren harremanak ezagutzea da erronka; harremanek eskolako gainerako prozesuak antolatzen dituzte eta, aldi berean, eskolako klima ezagutzen lagundu. Irakasleen ongizatea eta zaintza erdigunean jartzea ezinbestekoa da», argitu zuen.

EDUKIA

Ohi bezala, ikastaroek irakasleei zein gurasoei zuzendutako gaiak bilduko dituzte, eta puntako tekniken berri emango dute. Ainhoa Azpirotz Hik Hasiko kideak adierazi zuen hamar ikastaro gurasoei propio zuzendutakoak izango direla, zeintzuek Lehen Hezkuntzan egiten diren eraldaketa pedagogikoan sakontzeko tresnak eskaintzen dituzten.

«Ikastetxe asko jauzi pedagogikoa egiten ari diren honetan eraldaketan lagunduko duten punta-puntako hainbat ikastaro eskainiko ditugu. Horien artean nabarmentzekoa da Neurohezkuntzari buruzkoa», argitu zuen Azpirotzek.

David Castrillok, Neurohezkuntzan aditu eta Iruñeko Mendigoiti ikastetxeko ikasketaburuak, “Neurohezkuntza: nola ikasten du garunak?” izeneko ikastaroa emango du. Azken urteetan jaiotako diziplina berri bat da neurohezkuntza. Ez da metodo bat, hezkuntzarekiko begirada berri bat baizik, pedagogia eta psikologiako jakintzei garunaren funtzionamenduari buruzkoak batzen dizkiona. Diziplinarteko ikuspegia du, eta helburua zientzian oinarritutako kultura sortzea da.

Azpirotzek adierazi zuenez, punta-puntako gaiei buruzko ikastaro gehiago ere izango dira; Iera Arrieta irakasleak ikasleen motibazioa eta interesa pizteko emango duen “Escape room digitalak eta fisikoak sortzen” izenekoa, adibidez.

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekan aipamen berezia jaso zuen ikastaroa, “Hausnarketa lantzen elkarrizketa kooperatiboaren bidez”, Imanol Alvarez eta Garikoitz Moyak eskainiko dutena, ere azpimarratu zuen.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzaz gain, etapa guztietarako ikastaroak izango dira topaketetan, «baita, beraz, Haur Hezkuntzarako ere, besteak beste: ‘Haurtzaroan bidelagun Montessori ikuspegitik’, ‘Hausnarketa lantzen elkarrizketa kooperatiboaren bidez’, edota ‘Neurosiaren prebentzioa bizitzaren hasieran’», argitu zuen Azpirotzek.