Ramon SOLA
Entrevista
MADDALEN IRIARTE
EH Bilduko zerrendaburua eta hauteskundeen irabazlea Gipuzkoan

«Egungo erronkei ezin zaie erantzun betikoa eginez»

Inkestek aurreikusi ez arren, Iriarte buru duen EH Bilduren zerrendak alde handiz irabazi du Gipuzkoan. Eta berak ez du denborarik galdu: gobernu aurrerakoia lortzeko elkarrizketak abiatu ditu, EAJri eta PSEri ere eskua luzatuz. «Betikoan segitu» nahi dutenek, bere hitzetan, ez dute emaitza ulertu.

(Maialen Andres | Foku)

 

Astelehenean bertan deitu zenien Mendozari (EAJ) eta Asensiori (PSE). Zure asmoen berri eman zenien. Eta haiek beren asmoen berri eman zizuten zuri?

Ez. Deituko zidatela esan zidaten. Emaitza oso on batzuek (15.000 bozka gehiago eta EAJren aldean bost eserleku gehiago) EH Bildu prozesu hau bideratzera apelatzen dutelako deitu nien. Gobernu zabal eta aurrekoi bat egiteko interpelazioa da. Herritarren hitza betetzeko deitu nien, eta hortxe nago.

Aurrerakoia esaten duzunean, PSE eta Elkarrekin-Ahal Dugurekin ulertu behar da?

Nik EAJri, PSEri eta EPri deitu nien. Gu abertzaleak gara eta aurrerakoiak gara, eta batzuekin eta besteekin akordioetara irits gaitezke, ildo batean eta bestean. Eskua luzatuta dugu.

EPrekin hasi zarete. Zein edukien gainean?

Zaintzaren eraldaketaz aritu ginen, Gipuzkoako industriak eta enpresek halabeharrez egin behar duten transformazioaz, eta fiskalitate justu eta progresiboaz. Niretzat oso garrantzitsua den feminismoaz aritu ginen: gizonen eta emakumeen artean bizi dugun ezberdintasun sakon horri errotik erantzuteko unea iritsi da. Feminismo paliatibotik egoera aldatzera jo behar dugu.

Aldaketa irudikatzeko, lehen kolpean zertan nabarituko litzateke Maddalen Iriarte ahaldun nagusi bilakatzea?

Lehenengo kolpean alderdi politiko guztiekin hitz egingo nuke berriro. Bigarrenean, ditugun erronken aurrean lidergo konpartituak bultzatuko nituzke. Eta antizipazio ariketa bat egingo nuke, halabeharrez ikuspegi estrategikoa behar dugulako herri honetan. Zaintzaren arloan, esaterako, Usurbilek aurrera eraman duen eredua lurraldera eraman nahi nuke. Beste adibide batzuk aztertu eta ahalik azkarren garatu daitezke, erronkak gainean daudelako. Hainbat eta hainbat gaietan pentagrama batean bezala lan egiten hasi behar dugu: marra bakoitzak bide bat dauka, azkar ibili beharrekoa, eta paraleloan lan egin behar da, marra batean eta bestean notak jartzen, eta pentagrama batean dena batzen.

EAJri eta PSEri biltzeko gonbita egingo diezu? Haien arteko ituna kontuan hartu gabe?

Gonbita eginda dago. Aste honetan ere horretan jarraituko dugu, eta beti programaren inguruan, ez aulki jokoan. Argi eta garbi ikusten duguna da zer esan diguten herritarrek: EH Bildu dela lehen indarra Gipuzkoan, orain arteko formulek ez dutela balio, zahar gelditu direlako, politika beste era batera egitea nahi dutela... Eta guk herritarren eskari horri erantzungo diogu.

Gasteizko Legebiltzarretik zatoz. Han EAJrekin zein PSErekin akordioak lortu dituzue. Erakundeak jokoan direnean, eskema hori aldatu egiten dela dirudi, ez dela posible...

Emaitzak hain argiak izan ondoren, EAJ eta PSE betikoan hasi dira. Baina etorkizuneko erronkei ezin zaie erantzun betikoa eginez, ezin zaie erantzun aulki banaketaren bidez eta pastel zatiak banatuz. Beste era batera erantzuteko prest dago EH Bildu. Urte hauetan egin dugu: lidergoak konpartitu eta elkarrekin lan egiteko gai izan gara. Gipuzkoan erakutsi dugu, Gasteizen, Madrilen... Hautatu dugun politika egiteko era da hau.

EAJ-PSEren arteko itun horren katebegi ahulena al da Gipuzkoa, Batzar Nagusietan lortu duzuen aldea ikusita?

Gipuzkoan PPren premia dute, eta PPk ez du ezer doan ematen. Eskubide sozialen aurka, emakumeen eskubideen aurka, euskararen aurka dagoen alderdia da PP, Euskal Herria errekonozitzen ez duena. PPrekin akordioa egitea ez dute gipuzkoarrek ulertuko.

Zergatik diote horrenbeste beldur EH Bilduri? Hipotesi ezberdinak egon daitezke: bestelako eredua duzuelako, goranzko joeran zaretelako...

Batetik, inflexio puntu bat ikusi dutela uste dut: azkenengo hauteskundeetan EH Bildu gorantz joan da, abstentzioa egonagatik ere. Eta bestetik, badakite EH Bildu dela herri honen alternatiba, badakite gauzak jendearekin egiten dituela, jendeari erantzuteko, jendearekin hitz eginez, herri hau berdinzaleagoa izateko, gehien duenak era solidario batean gehiago aportatu diezaion lurraldeari...

120.000 bototik gora batu dituzue Gipuzkoan, 2011ko olatutzarrean baino gehiago...

Egindako lanaren emaitza da. Hau ez da kasualitate bat eta hau ez da 15 egunetan erabakitzen. EH Bilduk gobernatu duen herrietan erakutsi du herritarrak erdigunean jartzen dituela eta herritarrekin hartzen dituela erabakiak. Batzuetan oso zailak. Ez diogu muzin egin herri honek duen erronka bakar bati ere, hauteskundeak zetozelako. Aurrez aurre jartzen gara eta badakigu eztabaidak izango direla, eztabaidak ezin direlako politikatik ezabatu. XXI. mendearen laurdena ia-ia pasatu dela, protagonistak herritarrak ez direla pentsatzea akats handia da.

Donostiako emaitza nabarmendu duzu. Zuen aurreikuspenen gainetik egon da?

Emaitza oso onak lortu ditu Juankarrek [Izagirrek]. Donostiarrak oso nekatuta geundela ikusten ari ginen. Parke tematiko baten modura geratzen ari da hiria, eta azken unean alkateak egin dituen mugimenduek ez dituzte ekidin urteotako politikak. Donostiarrek Donostian bizi nahi izatea ez da luxu bat, ez kapritxo bat. Donostia bizi eta garbiago bat, Donostia kohesionatuago bat, Donostia «Donostiago» bat osatu dezake Juankarrek. Hori ikusi dute boto emaileek.

Demagun Mendoza ahaldun nagusia dela. Batzar Nagusietako aritmetika hauxe da: 24 boto EAJk-PSEk, 24 EH Bilduk eta EPk. PPkoak pozik...

Dudarik gabe. Eta berriro diot, PPk ez du ezer doan ematen. Eskatu duten Kiroletako ardura ezertan geratzen bada ere, Feijook oso argi esan du zein den bere jarrera: Espainiako konstituzionalismoa.