Urrats bat aurrera EGITEKO iritsi zen «sorioneku» eskua
Egun ederra bizi izan zen atzo Iruñean euskararen alde, urtarrilean martxan jarritako Sorioneku herri ekimenak antolatuta. Arratsaldeko manifestazioan Nafarroak berezko duen hizkuntzan bizitzeko eskubidea duela aldarrikatu zuten. Aurretik, hamaika jardueraren bitartez, pauso bat aurrera eman eta eskubide hori gauzatzeko eta gozatzeko plaza eskaini zuten Nafarroako hiriburuan.

Irulegiko eskuak badu nori bostekoa eman. Baskoieraz duela bi milurteko baino gehiago idatzitako mezu bat izkiriatuta daukan brontzezko xaflak Nafarroan euskaraz bizitzeko grinari bultzada eman zion atzo Iruñean. Hamaika jarduerarekin, «Sorioneku» hitzari gorazarre egin zion urtarrilean izen berarekin abian jarri zen herri ekimenak.
Aldarrikapenek arratsaldeko manifestazioan izan zuten toki nagusia. Goizean, aldiz, praktika izan zen nagusi; Nafarroan euskaraz bizi, jolastu eta gozatzeko entsegu orokorra izan ziren antolatutako jarduerak. Irulegiko Eskua zen jaun eta jabe egunaren hasieratik; Takonera parkean neurri guztietako esku- ahurrak egin eta margotzeko tailerrarekin hasi zen egitaraua.
Izan giltzatakoetan, zintzilikarioetan, kamisetetan edo pankartetan, Aranzadi Zientzia Elkarteak Iruñetik kilometro eskasera topatutako altxorrak bazter guztiak bete zituen atzo, Sustrai Colinak eta Nerea Urbizuk hitzordurako prestatutako abestiak soinu espazio guztia hartu zuen bezala. Maitatu ala gorrotatu, erdibiderik ez zuen utzi atzo kantaren errepikapen nekaezinak.
GIRO APARTA TAKONERAN GOIZ OSOAN ZEHAR
Asteburuan jendea batzeko gurasoei umeentzako entretenimendua eskaintzea baino hoberik ez da eta, horren jakitun, jolastoki erraldoi bihurtu zuten atzo goizean Takonerako parkea. Eskulan tailerrarekin batera, goizeko lehen ordutik martxan egon ziren puzgailuak. 11.00etarako, berriz, abiatuta zegoen Txantreako erraldoien kalejira. Eguraldi onak, “Gora Bihotzak” ikuskizunak eta Topadantzek egin zuten gainerako lana, goiz osoan giro ederra bai sortzeko, baita mantentzeko ere.
Ez zen dena umeentzat izan, halere, helduek ere badakite-eta beren burua zaintzen. Bermut musikatua izan zen eguerdian Laban, Iruñeko bihotzean, eta Kantuz taldeek soinua jarri zioten Alde Zaharrari. Goiza biribiltzeko, herri bazkariarekin apaldu ahal izan zituen nahi izan zuenak gose eta egarria.
Siestarako tentazioa saihesteko modu eraginkorra topatu zuten antolatzaileek. Kafe orduan, Igandea Txarangak erakutsi zien sabel beteei arratsaldeko manifestaziorako bidea. Galbiderik ez: Takonera ondoko Antoniutti parketik abiatu baitzen, 17.30 jota, «Nafarroaren bihotzean euskararen etorkizunari ongietorri erraldoia» eman nahi izan zion mobilizazioa.
«HAU BAITA EUSKARAREN LURRALDEA»
Oinarri baino, Irulegiko Eskua aitzaki, efemeride berriak sortzera eta euskaraz historiaren orrialde berriak idaztera zetorrela esan zuen Sorionekuak herri ekimenak urtarrilean. Atzokoa izan zen lehenengo saiakera, manifestazio jendetsu, alai eta koloretsu batekin bukatu zen jardunaldi ederra. Ibilbide labur eta ezohikoa egin zuen «Euskara, nafar guztiona» pankarta buru izan zuen martxak, Donibane aldera aurrena, jarraian Pio XII.a etorbidea hartu, eta zuzen jarraituta berriz alde zaharrerako bidean.
Takonera ondoko Basotxoan, amaitu zen jende mordoa -10.000, antolatzaileen arabera- bildu zituen mobilizazioa, hitzaldi indartsu batekin. Oholtza gainean, Saioa Crespo Andueza Tuterako Argia ikastolako zuzendariak jarri zion mamia goizean gozatutakoari. Bere aurrean, manifestariekin batera, Euskal Herriko eragile anitzetako hamaika ordezkari, tartean Zonifikazioari Hordago-ko kideak, euren pankartarekin.
Nafarroa osoko herri eta auzoak errepasatu zituen Anduezak, «Euskara Nafarroan ez da toponimia hutsa» esan aurretik. «Batzuek pentsatzen dutenaren kontrara, euskara ez da inondik heldu, euskara hemen zen, euskara hemen da eta izango da. Ez da museoetan gorde nahi dugun pieza, gure bizitza blaitzen duen ezinbesteko elementua baizik», adierazi zuen Crespok.
«Euskaraz aritu nahi dugu, ari garela konturatu gabe ere», laburbildu zuen, hitzak ituan jarrita. Jotak zein bertsoak nafar guztionak direla aldarrikatu, eta abesti zaharrari buelta eman zion: «Nafarroa euskararik gabe ez da arraroa, ‘sorionik’ gabe ez da arraroa... euskararik gabe, Nafarroa ez da, hau baita euskararen herria, lurraldea». Beti abesti berrien bila: «Ezin da ulertu, ezin da onartu, ezin da gozatu, euskararik gabeko Nafarroa».

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
