Naroa APAOLAZA
BILBO

Eskolen jangela eta garraioko lan-baldintzak hobetzea eskatu du LABek

LABek jangeletan eta eskola-garraioan diharduten langileen lan baldintzak hobetzeko deia egin dio EAEko Gobernuari. Ekain hasieran oinarrizko akordio bat lortu zuten Hezkuntza Sailarekin, hezkuntza eremu osoko langileen baldintzak hobetzeko, baita azpikontratatutakoenak ere. Atzo, sindikatuak bere proposamenak aurkeztu zituen.

Jangeletan, LABek adierazi zuen haur eta gazteen elikadura osasuntsu eta gertukoa bermatzeko beharrezkoa dela sektorea «esku pribatuetatik askatzea», baita ratioak jaistea ere.

Bestalde, eskola garraioan maiatzaren 19ko 69/2015 dekretua aldatu behar dela esan zuen LABeko ordezkari Doradorrek. Dekretu horrek ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioa arautzen du eta hezkuntza arloan eskumena duen sailak finantzatzen du. Araudian ratioak sartzea ere exijitzen du.