«Polemikarik ez sortzeko» atzeratu du Urkulluk torturatuak aitortzeko ekitaldia
Torturaren Nazioarteko Egunerako deituta zegoen biktimak aitortzeko ekitaldia, baina «polemikarik ez sortzeko» eta «biktimak instrumentalizaziotik kanpo» uzteko, atzeratu egin du Lakuako Gobernuak, Iñigo Urkulluk atzo Legebiltzarrean adierazi zuenez. Miren Gorrotxategik erabakia ulertzea zaila dela aurpegiratu zion lehendakariari.

Tortura jasan duten biktimek ez dute aurtengoan ere aitorpen ofizialik izango Lakuaren partetik. Horretarako ekitaldi bat deitua zegoen, Nazioarteko Egunaren testuinguruan, ekainaren 26an Donostiako Kursaal jauregian. Alabaina, Estatu mailako hauteskundeak laster etorriko direla argudio gisa erabiliz, atzeratzea erabaki du Iñigo Urkullu buru duen Gobernuak. Egiari Zor-ek jakinarazi zuen erabaki hori joan den astean, eta atzo arrazoiak azaldu behar izan zituen lehendakariak Legebiltzarrean, Elkarrekin Ahal Duguren eledun Miren Gorrotxategik hala eskatuta.
Atzerapen hori gogoz defendatu zuen Iñigo Urkulluk. Bere hitzetan, «denok partekatzen dugun» torturaren aitortzari «egin dakiokeen ekarpenik onena» hori da, horren inguruan «ez dugulako polemikarik sortu nahi», eta erabakia biktimak «instrumentalizaziotik kanpo» uzte aldera hartu duela esan zuen.
Gaineratu zuen horrelako kasuetan beti berdin jokatu duela Lakuako Gobernuak, 2019. urteko azaroan -orduan ere hauteskunde espainolak egitekoak zirelarik- Memoria Eguna bertan behera utzi zutela gogora ekarriz.
Ekitaldia atzeratu egin dela, ez dela inolaz ere bertan behera utzi argudiatu zuen Urkulluk. Eta torturaren biktimak aitortzeko borondate irmoa dutela ziurtatu zuen. Horretarako abiatu diren lege eta dekretuak ekarri zituen gogora, bai eta eskaerak baloratzeko lanean diharduen taldearen lana goraipatu ere. «Ahanzturarik? Batere ez», erantzun zion Gorrotxategiri.
Urkulluk ez zuen aipatu, ordea, prozesua oso motel eta zailtasun handiz garatzen ari dela, Egiari Zorrek eta batzorde horretako kide Jon Mirena Landak berak behin baino gehiagotan azaldu dutenez. Urtero Estatuak eragindako indarkeriaren 40 kasu inguru onartzen ari dira, baina 700 eskari inguru daude mahai gainean, eta, gainera, Lakuak zein Nafarroako Gobernuak argitaratutako txostenetan 5.000 tortura biktima inguru jasotzen dira.
EH BILDUREN ZERRENDAK HIZPIDE
Elkarrekin Ahal Duguren eledunak Urkulluri erantzun zion ekitaldia atzeratu izana nekez uler daitekeela. Izan ere, «jakin badakigu alderdikeriaz erabiltzen direla biktimak. Baina zergatik da larriagoa hauteskundeak baino lehenago erabilera zikin hori, beti oso larria bada?».
Bere posizioa gogortu zuen erantzunerako tartean Urkulluk, bi zentzutan. Batetik, Maiatzaren 28ko hauteskundeen inguruan biktimen erabilera hori agerikoa izan zela ziurtatu zuen: «Zer gertatu da, bada, zerrendekin, biktimekin?», aipatu zuen, era horretan EH Bilduren hautagaitzen inguruan sortutako polemika berriro puztuz. Bestetik, hau esan zion Gorrotxategiri: «Portzierto, Gobernu espainolak -zure alderdia kide duenak- ez du honen inguruan inolako ekimenik hartu. Guk tortura gaitzesten jarraituko dugu eta biktima guztiak aintzat hartzen jarraituko dugu».

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
