UEMA: «Oreka linguistikoak ez du balio, lurrean zaudenean»
Hizkuntzen oreka bat behar dela arrazoituz, dokumentuak euskaraz ezin direla idatzi arautu du Konstituzionalak. Aferaren inguruan hitz egin zuen atzo Gari Berasaluzek, UEMAko komunikazio arduradunak, NAIZ irratiak egindako elkarrizketa batean.

Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiko epaileak onartu egin du Idazkari, Kontu hartzaile eta Diruzainen Elkargo Ofizialak aurkeztutako helegitea, eta bertan behera utzi ditu tokiko idazkari eta kontu hartzaileen lan poltsetako euskara eskakizunak. Zehazki, Lakuako Gobernantza Sailaren 2021eko apirilaren 22ko Aginduaren zenbait puntu baliogabetu ditu epaileak. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko bitartekoen poltsa bat eratzeko hautaketa prozesurako deialdia egin zen, Toki Administrazioko idazkari kontu hartzaileena, Bizkaiko toki administrazioetan estatuko hautagaientzat gordetako lanpostuak betetzeko.
Epaiaren arabera, «hizkuntza koofizialaren eskakizuna neurriz kanpo eta modu irrazionalean aplikatu da». Dioenez, «funtzionario horiek hautatzeko eta prestatzeko eskumenak dituen administrazio bakarra Estatuko Administrazioa da, nahiz eta Autonomia Erkidegoak bitartekoen poltsa bat eratu dezakeen».
Gari Berasaluze UEMAko komunikazio arduradunak epai honi buruz hitz egin zuen atzo, NAIZ irratiak egindako elkarrizketa batean. Zioenez, «oldarraldi judizialaren beste katebegi bat» da, Auzitegi Konstituzionalaren azken erabakia gogoratuz. Honek bertan behera utzi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan euskarari lehentasuna ematea eskatzen duen legearen artikulu bat. Baliogabetu egin du udal legearen 6.2 artikulua, «euskara gaztelaniaren gainetik» jartzen duela arrazoituz.
Berasaluzeren esanetan, argudio horrek «ez du ez hanka ez bururik». «Orekak ez du balio lurrean zaudenena», esan zuen abesti baten hitzak erabiliz, izan ere «euskara mendeetan jazarria, debekatua eta gutxitua izan da». «Orekaz hitz egitea zapaltzaileen estrategia da, euskararen zapalkuntza iraunarazteko».
Udalerri euskaldunetan euskara ez dakiten herritarren eskubideak bermatuta daudela nabarmendu zuen, eta «inolako eragozpenik» ez dela egon esan zuen. Hala, «Konstituzionalaren erabakia ideologikoa» izan dela kritikatu zuen. Euskaldunen aurka hartutako erabakia. «Euskaldunak gara bigarren mailako herritarrak, ukatzen zaizkigulako hizkuntza eskubideak».
Berasaluzeren ustez, euskarak estatus juridiko berri bat behar du, halako erabaki judizialei aurre egiteko. «Euskara sustatu, blindatu eta lehentasuna emango dion lege babes handiagoa behar dugu».
Zentzu honetan, adierazi zuen, «euskara aurrera joan dadin, euskararen aldeko erabakiak hartzea eta euskara lehenestea ezinbestekoa» dela. «Bestela ezin izango du aurrera egin», gaineratu zuen, eta iragarri zuen UEMAko udalerriek euskaraz lanean jarraituko dutela.
Irratian esan zuenez, datozen asteetan irizpideak bidaliko dira udaletxeetara, baina «gaur-gaurkoz euskaraz lanean jarraituko dugu».

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
