GARA
DONOSTIA

Zerga sistema berritzeko egutegia adostea onartu dute Gipuzkoan

Zerga sistema erreformatzeko egutegia urtea amaitu baino lehen adostu behar dela onartu zuten atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, aho batez. EH Bilduk aurkezturiko proposamenari erdibideko zuzenketa egin zioten.

Iriarte eta Amenabarro, artxiboko irudi batean.
Iriarte eta Amenabarro, artxiboko irudi batean. (M. ANDRES | FOKU)

Urtea amaitu baino lehen, «Gipuzkoako Foru Aldundiak batzarkide talde guztiekin egutegi bat adostu beharko du zerga sistema erreformatzeko». Hori da Batzar Nagusiek, talde guztien oniritziarekin (EH Bildu, EAJ, PSE, Elkarrekin Gipuzkoa eta PP), atzo onartu zuten ebazpenean azaltzen dena.

EH Bilduk «fiskalitate justu eta progresiboago batera jauzia emateko» ponentzia abiatzea planteatu zuen, eta adosturiko ebazpena onartu zen.

Ebazpenean, «gure fiskalitatearen izaera bidezkoa, progresiboa, ekitatiboa eta solidarioa ziurtatzeko egokitzat jotzen diren aldaketak ezarriko dira, zerbitzu publikoak indartzeko eta ekintzailetza, ETEak eta kalitatezko enplegua sortzen duen ekonomia bultzatzeko. Betiere, Europarekiko konbergentzia fiskala bilatuz, desberdintasun sozialak eta aztarna ekologikoa murrizteko beharrezkoak diren baldintzak sortzeko eta inor atzean ez uzteko», jasotzen du.

2014ko eta 2018ko erreforma fiskalei buruzko ebaluazioa amaitzearen alde ere egiten da; «kontuan hartuta, erreforma horiek zerga bilketan eta zerbitzu publikoetan izan dituzten ondorioak, enpleguaren eta haren kalitatearen bilakaera, enpresen eta produkzio sarearen lehiakortasuna, eta 2008ko krisiaren ondorioekiko susperraldia eragin duten gizarte desberdintasunen faktoreak».

«Lurraldeak dituen erronka handiei erantzuteko eta etorkizunean Gipuzkoak aberastasuna sortzen jarrai dezan, gaurdanik sortzen dugun aberastasuna hobeto banatzea garrantzitsua» dela uste du EH Bilduk.