GARA
GASTEIZ

Hamahiru behitegi astindu ditu odoljario epizootikoak Araban

Bi behi hil eta beste 32 gaixotu dira Araban, hemorragia epizootikoaren ondorioz. Kasuak ugaritzen ari dira eta 13 ustiategi daude kaltetuta jada. Foru Aldundia eritasuna kontrolatzen ari da, eta lasaitasun mezua zabaldu du, «gaitzak ez baititu pertsonak kutsatzen».

Bereziki behiei eragiten die gaixotasunak.
Bereziki behiei eragiten die gaixotasunak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Dagoeneko hamahiru behitegi erasan ditu Araban odoljario epizootikoaren gaixotasunak. Bi behi hil eta beste 32 eritu dira Aiaraldean, Arabako Lautadan, Mendialdean eta Gorbeialdean. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak atzo azaldu zuenez, Aldundia «gaixotasunaren eboluzioa kontrolatzen ari da». Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian ere agertu dira kasuak azken asteetan. Abeltzainak mehatxupean jarri ditu “behien covidak”.

Gonzalezek lasaitasun mezua zabaldu zuen: «Duela bi aste baino kasu gehiago dira, baina eritasunak ez ditu pertsonak kaltetzen. Bereziki behiei eragiten die. Aldundia gaixotasuna noraino iristen den aztertzen ari da, ez baita orokortua izaten ari». Lurraldeko ustiategi zehatz batzuetan agertu da.

Odoljario epizootikoa eritasuna nahasmendu biriko bat da. Nagusiki oreinei eta behiei eragiten die. Animalien artean transmititzen da, eltxoen ziztaden bidez. Irailaren erdialdean Lakuako Gobernuak argitu zuenez, ez ditu ez pertsonak ez kutsatutako animalietatik eratorritako elikagaiak kaltetzen.

HARTUTAKO NEURRIAK

Foku hauen agerraldiaren ondorioz, Estatuko Plan Zoosanitarioak ezarritako neurri murriztaileak jarri dira martxan. Ondorioz, kaltetutako eskualdeetatik datozen behi, ardi eta ahuntzen mugimendua mugatu da eta abereak garraiatzean desinfektatzeko eta intsektuak kentzeko neurriak hartu dira.

Lakua eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiak, Neiker eta Elikaren laguntzarekin, gaixotasun honen gaineko informazioa zabaltzen ari dira.