Iraitz MATEO

180 HEGAZTI, ATLAS BATEAN

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hegazti habiagileen lehenengo atlas modernoa aurkeztu du Aranzadi Zientzia Elkarteak.

Juan Arizaga Aranzadiko ornitologoak gidatu du ikerketa.
Juan Arizaga Aranzadiko ornitologoak gidatu du ikerketa. (Jon URBE | FOKU)

Joan den asteburuan Hegaztien Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta data hori baliatuz atzo goizean aurkeztu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak “Euskadiko hegazti habiagileen atlasa”. Lehen aldia da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako inguruneetako hegazti-faunaren aberastasunari buruzko ikerketa zientifiko sakona egiten dena. 180 hegazti-espezie ugaltzen direla ondorioztatu du lanak; horien artean, 175 espezie autoktono eta 5 exotiko. Erregistratutako gelaxka guztietan dauden eta populazio-tamaina handiena duten espezieak honakoak dira: txolarre arrunta, 390.000 banako; txantxangorria, 330.000 banako; txepetxa, 290.000 banako... Bestalde, ondorio esanguratsua da kontserbazio egoera onenean dauden espezieak basokoak direla; okil beltza, esate baterako. Nekazaritza inguruneei lotutakoak, berriz, egoera okerragoan daude, eta habitat horiei lotutako espezieen %30ek nabarmen murriztu dute banaketa-eremua mendearen hasieratik. Antzandobi arruntaren kasuan, espeziea bakantzearen ardura nekazaritzako paisaiaren sinplifikazioari eta bioziden erabileraren eraginari egotzi behar zaiela kontatu zuten.