GARA
GASTEIZ

Oinarrizko burujabetza ekonomikoa landuko dute ekonomialari euskaldunek

UEUk eta Ekonomisten Euskal Elkargoak urriaren 27an Ekonomialari Euskaldunen Biltzarra egingo dute Gasteizen. Pandemia, gerra eta klima aldaketaren eraginpean, oinarrizko burujabetza ekonomikoa jorratuko dute, arloko adituen eta profesionalen sarea josteaz gain.

Estrella Sanchez, Ane Sarasua eta Oskar Arantzabal, atzo, Gasteizen.
Estrella Sanchez, Ane Sarasua eta Oskar Arantzabal, atzo, Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Oinarrizko burujabetza ekonomikoa aztertuko dute Ekonomialari Euskaldunen hirugarren Biltzarrean, gaur zortzi, Gasteizko Euskaltzaindiaren egoitzan. Atzo aurkeztu zuten UEUk eta Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatutako jardunaldia. Ane Sarasua UEUko zuzendariak esan zuenez, erakunde honen egitekoetako bat komunitate zientifiko-profesional euskaldunari topaguneak eskaintzea da, eta «plazera da horrelako gai garrantzitsu bat», oinarrizko burujabetza ekonomikoa, jorratzea, are gehiago Ekonomisten Euskal Elkargoarekin elkarlanean. Estrella Sanchez elkargoko Gobernu Batzordeko kidearen iritziz, biltzarra «mugarri polita» da beraien lanbiderako. «Ekonomista euskaldunok elkarrekin egon, elkar ezagutu eta lanbidea euskaraz ere garatu dezakegula erakusten du, nahiz asko dugun egiteko oraindik. Elkargoak badu euskara komunitatea, pauso txikiak ematen ari dena».

GASTEIZEN, INOIZKO BABESIK ZABALENAREKIN

Oskar Arantzabal UEUko Ekonomia sailburuak oroitu zuen biltzarra bi urtero antolatzen dutela: «Donostiaren (2019) eta Bilbokoaren (2021) ondoren, aurten Gasteizen eta inoizko babesik zabalenarekin prestatu dugu».

Goizeko saioan zenbait adituk, tartean Unai Pascual eta Iñaki Antigüedad, demografia, ura, klima aldaketa, elikadura eta energiaren gaiak jorratuko dituzte. Arratsaldean bi tailer eskainiko dituzte aukeran: baliabideak (garraio sektorearen kasu praktiko batzuekin, Ainhoa Saitua gidari), eta jendea, bietan eztabaida irekiekin. Matrikula zabalik dago UEUren webgunean.